Lurra sentituz Aroztegian



Asteburuan “Lurra sentituz: Elikadura Burujabetza eta Feminismoen eta lurraren defentsaren inguruko Foroa” egin da Iruñea eta Elizondo artean. Euskal Herri osotik eta bertze tokietatik hurbildutako ehun lagun inguruk Iruñean egindako mahai-inguru eta mintzaldietan parte hartu zuten, larunbatean. Igandean berriz, berrogeita hamar parte hartzailek hirigunea utzi eta landa eremurat hurbildu ziren, Baztanerat; proiektu agroekologikoak ezagutzerat eta lurraren defentsan Aroztegiko eta Erdizeko proiektuak zertan diren ikasterat.

Baztango hitzordua ibilaldi gisan antolatu zuten, horrela, Elizondoko plazatik Lekaroz aldera abiatu ziren, Aroztegia aldea ezagutzeko. Ibilbidean geldialdiak egin zituzten Baztango Xurie eta Baztango Zaporeak Ana Iriarteren eskutik ezagutzeko, Amaia Iturririaren baserri agroekologiko proiektua zertan den jakiteko eta Maria Goienetxe eta Miren Meokiren eskutik Erdiz eta Aroztegiko proiektuei buruzko argibideak hartzeko.

Goizeko itzuliaren ondotik Amezti elkartean bazkaria egin zuten, modu horretan jardunaldiari akabera emanez.

Asteburuko jardunaldia Mugarik Gabe, Mundu Bat eta Ipes elkarteek antolatu dute.