Elurre Iriarte: "Jende aunitz berandu ohartu da inportanteena zer den"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Animali basen bidez kutsatu bagara ere, ez, errua ez dute saguzarrek. Errua argi da gurea dela: ostikoka ibili dugu natura eta bueltan etorri zaizkigu guri kolpeak pandemia moduan.

Gerran gaude?

Bai, baina ez dugu argi ikusten non dauden batailak, galtzaileak izateko arrisku haundiarekin. Badira irabazten ditugun eta irabaziko ditugun batailak, baina martxa hontan gerra eternoa izanen da eta espabilatzen ez bagara gehiago izanen dira galduko ditugun borrokaldiak.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Kontraesanez betetako egunak bizi ditut: bakardadearen sentimendua kolektibo baten parte izatearekin gurutzatzen da, zaindua izatea zaintzailea izatearekin, haserrea momentu alaiekin, beldurra ausardiarekin. Orokorrean etorkizun kaotikoa esperantzarekin gurutzatzen zait, zoritxarrez gehiagotan alde iluna irabazle.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Baito!! Berdintasunaren leloa martxan da: denak berdinak gara baina batzuk berdinagoak. Ez gaude egoera berean denak. Aislatzeko aukera dugunok badugu zer jan, nola berotu, zerekin entretenitu. Urteak aislatuak eramaki dituztenek arrisku guttiago izanen lukete gizartean. Eta non isolatu, non entretenitu eta non zaindu ez duten aunitz daude. Ez dut deus berririk erraten baliabideek desberdintzen gaituztela aipatzen badut.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Jende aunitz berandu ohartu dela inportanteena zer den. Esentzialetako edo inportantetako ez genituelakoz, dute emakume aurpegia eta prekarioak dira. Gainerako ez-prekario guziek gidatzen dute gizarte hau, sistema hau, eta horra norat ailegatu garen. Afera da hau pasatu ondotik nola geldituko den inportantziaren rankina: esentzialak heroiak izaten segituko dute edo berriz ere baldintza arrakala biziko dute? Hor badugu non eragin.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Bi arlo ikusten ditut kolpatuenak: zaharretxea eta lantegi ttikiak (autonomoak). Batetik zaharretxearen kudeaketaren eskasia argi ikusi da, enpresarendako egoiliarrak baino etekinak direla inportanteenak. Eta bertzetik soldata lan eginez bakarrik ateratzen duten autonomo eta komertzio ttikiek egun guzi hauetan sosik ikusi ez duten horiek nola eginen duten berriz martxan paratzeko. Kolpe haundia izanen da autonomo tasa hain haundia duen bailaran.

Baztanen nola egin aurre pandemiari? 

Hau akitu bezain fite ospatzen hasi beharrean martxan genituen pentsamendu guzi horiek: elkarlana, hurbileko kontsumoa, zerbitzuen publifikatzea, zaintza komunitarioak, ekologia, denboraren kudeaketa, herrialdearen independentzia.... gauza aunitz pasatu zaizkigu burutik, begien aitzinetik eta belarrietatik egun guzi hauetan eta ezin ditugu desagertzen utzi.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Zorionez lagungarria izan da tresnak eskura izatea. Batetik munduarekin eta lagunekin kontaktuan segitzeko aukera eman digu -bakoitzak erabaki du nola erabili- eta bertzetik elkartzeko eta aritzeko gogoa piztu digu, gaurgero jendea bi dimentasioetan ikusten aspertuak baikara. 
Agian horri buruz ere hausnartu beharko genuke: teknologia berriak modu orekatu batean nola ibili pentsatzeko, eta ez sortu dugun fobia elikatzeko.

Egoera honen aurrean, borroka da …

... bide eraginkorrena. Etxean nahiko denbora gelditu gara gaurgero. Karrikak okupatu behar ditugu eta sistema berri bat sortu gurean: hemen kontsumitu, elkarlanean aritu, jendarte berri bat sortu. Gure buruaren jabe izan, modu jasangarrian zentzu guzietan. 

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Zuen baimenarekin bi: saiakera bat eta nobela bat.
George Orwellen abereen Etxaldea nobela. Totalitarismoaren satira bat da eta agian umorez errexago ikusiko dugu sistemaren eta boterearen antolakuntza eta helburua. Hala kontra egiteko ere burujabetzarako pistak emanen dizkigu.
Saiakeran, berriz, Ecofeminismo, Vandana Shiva eta Maria Miesek elkarrekin idatzia eta pandemia honen harira agertu diren hutsuneak betetzeko balio duena.