Aintzane Ariztegi: "Baztango herritarrek dituzten baloreak ere erakutsi dizkigu pandemiak"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Lehenik, gaixotasuna ez litzateke hainbertze zabalduko hiperkonektatutako eta globalizatutako mundu batean biziko ez bagina. Ondotik, hari aurre egiteko ezintasuna bizitzak eta horien sostengua erdigunean kokatzen ez dituen sistema sozio-ekonomiko batean bizi ez garenaren seinalea da. Hortaz, errua saguzarrei botatzea aurpegi garbiketa hutsa da.

Gerran gaude?

Gerra bat bi fronteren arteko talka bat dela erranen nuke. Azken hilabeteetan, gure herrietako kaleetan polizia eta Espainiako armadaren presentzia eta haien ekintza haunditu da. Frontearen bertze aldean koronabirusa dagoela erran ohi dute, baina argi dago pistola eta tankeekin ezingo dutela gaixotasun bati ere lehia irabazi; bai, ordea, herritarrongan beldurra sortu eta indarraren monopolioa noren esku dagoen erakutsi.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Herritik kanpo ikasi eta bizitzen egon beharko litzatekeen ikaslea naizenez gero, etxera bueltatu behar izan naiz, eta baita bertatik ikasketekin jarraitu ere. Ikasleok, aisia eta lana, biak etxeko lau pareten artean egiten ibili gara kasik bi hilabetez. Ikasle anitzek, gainera, baliabide falta dela eta, ikasgaien erritmoa ezin izan dute segitu.

Unibertsitatearen kasuan, behin eta berriz, haien jarrera justifikatu eta garbitzen ibili dira, ikasleon errealitatea bertzelakoa den bitartean. Ez dute gure egoera ulertu eta hobetzeko intentziorik erakutsi; eta ikasleok gure egoera salatu nahi izan dugunean “exigentziak burutzeko momentua ez dela” argudiatuz, entzungor egin dute. Krisi honek erakutsi du hezkuntza-sistemak ez dituela ikasleak eta gure ongizatea lehenesten.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Ez. Biologikoki, ikusi izan da adin handienekoengan eta aurretiko gaixotasunak zituztenengan eragin handiagoa duela. Sozio-ekonomikoki, lehendik ere gizartearen bazterretan kokatuak zeuden pertsona horiek izan dira, berriro ere, pandemia honen ondorio latzenak pairatu dituztenak. Migratuak, emakumeak, langileak, genero normatibotik at kokatutako gorputzak … Sistematikoki prekarizatutako guzti horiek.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Mugimendu feministak urteak daramatza honakoa adierazten: “Gu gelditzen bagara, mundua geldituko da”. Bizi dugun momentu honetan are eta agerikoagoa da esaldi honen atzeko errealitatea. Guztion bizitzak daude arriskuan orain (nahiz eta batzuenak bertzeenak baino gehiago egon), eta bizitzak, gure existentziaren oinarrizko elementu bezala, emakumearen aurpegia du. Orain arte errealitate hau bigarren planoan kokatu izan da, ezkutuan. Sistema kapitalista heteropatriarkalak hazkunde ekonomikoa betikotzea eta gotortzea du helburu, eta pandemia garai hauetan, bizitzaren sostengu-lanen prekarizazioa argi gelditu da. Arazo hau egiturazkoa da, hazkunde ekonomikoa bizitzen gainetik kokatzen duen sistema sozio-ekonomikoan gauden bitartean, lehenago edo beranduago, egoera berera bueltatzera kondenatuta gaude.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Aitzitik ere bertan zeuden, baino kontziente ez ginen, arazoak azaleratu ditu gurean pandemiak. Zaintzaren krisia gurean ere bizi dela (zahar-etxeko kasuan, adibidez), nekazariak ez direla kanpoko errealitatetik at bizi (eta haren menpeko direla) eta bertze hainbat adibide. Hala ere, Baztango herritarrek dituzten baloreak ere erakutsi dizkigu pandemiak. Elkar zaintzeko prest gaudela, eta baita xede hori lortzeko antolakuntza eta saretzera jauzi bat emateko gaitasuna dugula.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Gure errealitate zehatza aztertu,  gure nahiak zeintzuk diren adierazi eta alternatibak eraikitzen hasiz. Alternatiba horiek erautsiko dute zein balioren gainean bizi nahi dugun, eta baita duintasunean oinarritutako bizi-eredu bat posible dela.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Hala izanen da segur aski. Hala ere, nahiago dut parez pare topo egin. Interneten jarduten gabiltza, benetan, haren inguruko kontrol eta iritzi garbirik eduki gabe. Ea behingoz gaiari heldu, hausnartu eta kontzienteki erabiltzen hasten garen. Bizi garen XXI. mendean ekidin behar ez dugun eztabaidagai bat dela deritzot.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Inkonformismoa antolatzeko tresnarik eraginkorrena; baita alternatibak eraikitzeko eta bertzelako mundu bat posible dela erakusteko bide bat ere.

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Independentzia helburu izeneko liburua gomendatu nahiko nuke. Bertan Euskal Herriko independentzia politikoaren inguruko zenbait hausnarketa interesgarri daude bilduta. Gure historian zehar topatzen ditugun arazo eta zailtasunei aurre egiteko orduan, nor garen eta non gauden kokatzea beharrezkoa dela iruditzen zaidalako; baita horiei aurre egiteko, herri bezala, proiektu politiko bat edukitzea ere.