Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?
Bai. Birusaren jatorriaz
galdetzen ari bazarete, orduan bai, uste dut oraingoz hori dela zientzialariek
aurkitu duten azalpen onena; adibidez, The
Lancet aldizkarian hainbat zientzialarik egindako komunikatu batean erraten
denez, "científicos de múltiples países han analizado genomas del agente
causal y los resultados concluyen, de forma abrumadora, que el origen está en
la vida silvestre"(1).
Halako azalpenak
onartzea inuzentea da zenbaiten begietara, baina, nire ustez, hain justu
aurkakoa da: jarrera kritikoa erakusten du. Izan ere, lan pittin bat hartu eta informazio
iturri fidagarrietan bilatzen bada, eta ez whatsappeko mezu edo Misterios TV bezalako youtubeko
kanaletan, nire ustez azalpen hori onartzeko ebidentzia dagoela ikusten da, eta
alderantziz, oraingoz ez dagoela ebidentziarik birusak jatorri gizatiarra duela
baieztatzeko.
Gainera, animalietatik
gizakietara igarotako birusen ondoriozko izurriteak ez dira deus berria, izurri
beltza, dengea edo malariarekin gertatu moduan. Ez dira ere berriak jatorri
gizatiar, naturaren mendeku edo gerra biologikoak aldarrikatzen dituzten teoria
konsparanoikoak, HIESa edo A gripearen kasuan erran zen bezala.
Gerran gaude?
Gerran ginen pandemiaren
aurretik ere, nire iritziz, edo, behintzat, gerran egon beharko ginateke: munduko
1% hiper-aberatsarekin, etxeko lanen feminizazioarekin edo kristalezko
sabaiarekin, norberaren bizi eredu kontsumistarekin, osasungintzaren
pribatizazioekin, zahar-etxeko egoerarekin, Aroztegiako proiektuarekin, BRT
laguntzearekin, arrazakeria hiltzaile, indibidualismo eta abar luze batekin. Baina,
nire inpresioa da gehiengoak nahiago duela zerbeza bat eskuan politikariak kritikatzen
ibili, egiazki antolatzera ausartu baino.
Eta egun hauetan fake
news edo notizia faltsuak direlako pandemiaren aurkako gerra berezian egon
beharko ginateke ere, informazio gizartea desinformazio gizartea bihurtzen ari
baita. Hortaz, noiz behinka maldita.es moduko informazio egiaztatzaileak
bisitatzea komenigarria dela deritzot (2). Nire ustez, teoria konsparanoikoen
bila dabilenak hobe eginen luke Palestinara, Erdizera edo AHTra zuzenduko
balitu indarrak.
Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?
Pertsonalki
xarmanki nago. Denbora izatea sekulakoa da, eta uste dut normalean bizi dugun
erritmo super-azeleratuaz pentsatzeko aukera ematen duela, afizio berriak
aurkitzeko, irakurtzeko, lasai egoteko … Eta harrikada berrientzako ilusioa
izateak beti laguntzen du.
Etxe-konfinamendua
eramangarriago egiten duen bertze bi gauza ere badira: hiru lagunekin bizi
naizela eta etxea inguratzen duen belarditxo bat daukagula. “Ze zortea”
pentsatzen ahal du norbaitek, eta, hala bada ere, hein batean aukeratutako
zortea da, nolabait erratearren. Azaltzen dut: pentsatu ohi dugu bakarrik edo
bikotean bizitzea dela independizatzea, baina, lagunekin elkarbizitzea askoz
ere aberasgarriagoa da, eta nik erabaki hori hartu nuen. Hori gazteen kontuak direla
erraten nautenean neroni galdetzen diot, alderantziz, bakardadearen edo
bikotearen modeloak ez al diren izango gure garaiko indibidualisten kontuak.
Belarditxoaren
“pribilegioari” dagokionez, Baztanen baserriak erortzen ari diren une honetan,
beharrezkoa al da norbera bere pisuan bizitzea?
Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?
Ez. Nire ustez
nahasgarria da komunikabideetan entzuten den birus honek denok berdintzen gaitu
mezua.
Birusak denoi
jotzen gaitu berdin gizakiak garen heinean, baina, dirudienez, denak ez gara
berdin gizaki. Erran nahi dut, klase ezberdintasunak badirela birusaren
kaltetuen artean: egunero supermerkatuko kutxara lanera joan behar dutenen eta
milioiak dituztenen artean kutsatu eta hilkortasun tasak ziur ezberdinak
direla; ezberdina da ere amari zaintza hoberenak eros diezaioken edo ama
zahar-etxean sartu behar duenaren kasua; emakumeari eta gizonari nola eragiten
dion; ipar eta hego hemisferioei; Arkupe edo Starbucksi … Hitz batean,
bakoitzaren baliabideen arabera ezberdin jo dezakeela birusak.
Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer
adierazten du horrek?
Lehenik eta behin,
noski, lanaren banaketa sexuala erreala dela adierazten du. Horretaz gain,
geure buruei galde geniezaioke ea sozietate honetan zeri ematen diogun balioa.
Jarduera produktiboak dira merkatu balio handiena dutenak, eta, ez, erreproduktiboak
edo zaintza lanak. Pandemia honetan, berriz, agerian gelditu da zaintza lanek
(etxeko mantenuak, osasungintzak etab.) giza balio handia dutela. Hitz potoloekin
erranda, feminizatuak dauden lan horiek desbalorizatuak daudela. Horrek pentsatzera eraman gaitzake ea ez al
litzatekeen erizain bat belaunaldi berrien eredu izan behar Wall Streeteko
Otsoa beharrean.
Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?
Uste dut Baztan ez
dela toki txarrena etxe-konfinamenduan egoteko, eta hiri bat baino mila bider
nahiago dudala. Baina, ekonomikoki gogor joko duela pentsatzen dut, etxe
kaleratzeak egon daitezkeela, langabezia aunitz handitzea … Badatorren egoera
horretan, elkar zaintzeko gai garela erakutsi beharko dugu baztandarrek. Eta
ausartuko naiz erratera bertze toki batzuk baino gogorrago joko gaituela,
turismoak Baztanen duen garrantzia dela eta. Munduak bizi duen egoera anormal
honek turismoaren modelo oparoa amildegiaren aurka jartzen ari du. Nire susmoa
da turismoaz dependentzia izatea ez dela soilik jasangaitza ikuspuntu ekologiko
batetik edo kaltegarria bizikidetzarako, baizik eta arriskatua ere, sektorerik
sentikorrena delako edozein aldaketen aurrean: klima, gatazkak, birusak. Hau ez
da turismoa lur jota geldituko den azkeneko aldia.
Zahar-etxeko lan
eta osasun baldintzek ere hain laudatua den modelo pribatuari, gutxienez, mugak
jarri behar zaizkiola erakutsi du (adibidez, osasuna jartzea enpresaren diru gosearen
mugatzat). Arras argi ez badut ere, menturatuko naiz aldarrikatzera zahar-etxea
udalak kudeatu beharko lukeela.
Baztanen nola egin aurre pandemiari?
Ez dut argi, baina,
agian, horretarako Baztanek eskumen gehiago izan beharko lituzke, eta ez egotea
hain zentralizatuak erabaki guztiak. Hain segur, Madril eta Baztanen erabaki
ezberdinak hartu beharko lirateke, adibidez, kanpora ateratzeko edo
baratzeetara joateko arauetan, baino, agian nahikoa da landa eremurako eta
hirietarako neurri ezberdinak hartzea …
Badira gazte
zenbait iniziatiba kulturalak proposatzen ari dituztela berrogeialdia
eramangarriagoa egiteko (Berrogeialdian Behin), eta, horrek, laguntzen du. Nik
uste baztandar gazteak pittin bat gehiago arduratu beharko ginatekeela Baztan biziberritzen
(ekintza kulturalak, bideoak, lehiaketak, etab.) egun erdia tik-token challenge
amerikarrak ikusten egon beharrean.
Erronkak, hala ere,
Baztanen ditugunak dira eta ez paper-biribilkiekin egiten direnak. Arras lo
gaudela iruditzen zait, hibernatzen edo pixelatzen. Aktibatzen hasi behar gara,
zahar-etxeko egoera salatzen, militar gutxiago eta osasungintza publikoa
aldarrikatzen, gehiegikeria polizialak azaleratzen ...
Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira.
Interneten topatuko al dugu elkar?
Ez dakit interneten
elkar topatuko dugun ala pseudoni-ak baino ez ditugun topatuko. Uste dut sare
sozialak lanabes onak direla ideien difusiorako, eta konkistatu egin behar
direla, manipulazio eta diskurtso jakin batzuek monopoliza ez ditzaten. Baina,
ez naiz gai errateko herri mugimenduei onura ala kalte ekarri dien. Iruditzen
zaidana da hiperkonexio digitalaren garaian deskonexio gizatiarra ematen ari
dela: zenbat eta fibra gehiago, orduan eta larru gutxiago. Shockaren Doktrina ikusten
lehengo batean, Naomi Kleinek erraten zuen Roosevelten garaian 4.000 greba
inguru egon zirela, eta Obamaren denboretan 27 (edo antzeko daturen bat, ez naiz
ongi oroitzen). Dakidana da gelatik ez dela mundua aldatzen.
Egoera honen aurrean, borroka da …
... elkar zaintzeko
modua.
Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke.
Zergatik?
Gizonezkoen
sexismoa. Maskulinotasuna eta askapena: berdintasunerantz (Metaziri argitaletxea, Baztan!!) baztandar gizonezkoentzako
irakurketa aproposa dela uste dut.
Baina, gomendio
nagusia Silvia Federiciren Caliban eta
Sorgina izanen da. Bertan, kapitalismoaren sorrera kolonialismoarekin eta
lanaren banaketa sexualarekin lotzen da, haren ondoriozko emakumeen rol berriak
eta guzti horretan sorgin ehizak zer zerikusi izan zuen azalduz. Liburu
potentea gure sistema ekonomikoa eta mendebaldeko egungo patriarkatua ulertzen
laguntzeko.
Arte pittin bat
nahi izanez gero, Galeanoren El libro de
los abrazos.