Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?
Jatorria animali
basetan omen dago, baina saguzarrek ez dute errua. Agintean dauden batzuk akaso
…
Gerran gaude?
Ez zait iruditzen
hitz aproposena hori denik … Izan ere, birus baten aurka (naturaren aurka)
gerra egitea ez dut arras logikoa ikusten, zientzia egitea eta garatzea
egokiagoa dela uste dut. Estatuko gobernutik, berriz, hori erakutsi nahi dute,
armada mugiarazten, elkarrizketetan militarrak osasun arlokoekin batera paratuz
…
Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?
Uste nuena baino
hobekiago moldatu naiz egoera honetara; hala ere, kanpora ateratzea, mendira
joatea eta zuzeneko sozializazioa aunitz botatzen ditut faltan!
Inguruko guztiak,
familia eta lagunak, ongi daude eta alde horretatik lasai eta kontent,
garrantzitsuena hori da eta!
Bertze aldetik, lan
kontua dago … momentu honetan maisu lanetan nabil, ordezkapen bat egiten ari
naiz eta ez dakit noiz artio luzatuko den. Eta etorkizuna nahiko beltz ikusten
dut … baina ezin naiz kexatu!
Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?
Alde batetik, nahiz
eta denak berdin kutsatu gaitezkeen, koronabirusak arrisku taldeetakoei gehiago
erasotzen die, eta pertsona horiek babestu behar ditugu, denen ardura da eta
enpatiarekin jokatu behar dugu.
Bertzetik, haurrak,
adinekoak, autonomoak, nekazariak, enpresa txikiak, sosa aldetik juxtu
daudenak, langabezian gelditu direnak, saltzaileak, erizain eta medikuak,
suhiltzaileak … hor daude, arazoei aitzin egiten eta laguntza gutxirekin.
Eragin haundia eta
desberdina. Eta bitartean batzuk, betiko aprobetxategiak, bertzeen lan eta
diruarekin ederki bizitzen …
Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer
adierazten du horrek?
Emakumeak eta lan
esentzial horiek baloratzeko ordua dela, duten inportantzia eman behar zaiela
eta gobernuetatik laguntza guztia eskaini behar zaiela.
Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?
Egoera zaila egia
errateko. Zahar-etxean adibidez kutsatu andana, langileak lanez gainezka, egoiliarrentzat
egoera gogorra … Bertako langileei, Benito Mennikoei eta zaintza lanetan
daudenei mirespen guztia!
Autonomoen,
nekazarien, ostalaritzakoen, komertzio eta enpresa ttikien, langabezian gelditu
direnen … egoera ere zaila eta gogorra!
Baztanen nola egin aurre pandemiari?
Auzolanean,
ondokoari lagunduz eta orain arte bizi izan garen modua birplanteatuz.
Elkartzea tokatuko zaigu, birusaren krisia eta gero bertze krisi bat ailegatuko
zaigu, eta denen artean aitzinera atera beharko gara, bata bertzeari lagunduz
eta gure eskubideak defendatuz.
Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten
topatuko dugu elkar?
Interneta, ongi
erabiliz gero, baliabide ezin hobea da eta momentu hauetan erabat lagungarria.
Baina … hau dena pasatuta espero dut karriketan elkar topatzea.
Egoera honen aurrean, borroka da …
Auzolana eta elkarlanarekin
batera, bidea.
Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke?
Zergatik?
Egia errateko, eta
tamalez, ez dut irakurtzeko ohiturik, baina bere garaian aunitz gustatu
zitzaidan eta aunitz erakutsi zidan liburua gomendatuko nizueke: Marina
Subirats eta Amparo Tomeren Balones
fuera. Reconstruir los espacios desde la coeducaciĆ³n.