Iñaki Atxa: "Gizakia da pandemia bakarra"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Auskalo … saguzarrek errua?? Jijiji ez beti bezala gizakion errua izango da hontakoan ere …

Gerran gaude?

Ez eta gainera hitz hori darabilte bolo bolo, horrek militarizatu egin du egoera, ez da Espainiako Gobernuaren prentsaurrekoak ikusi  bertzerik, bata xuriz beztituta agertu beharko liratekeen zientzialari, ikertzaile eta osasungintzako adituen ordez, kolore ezberdinetako uniformatuak daude, apeza bakarrik falta dute ondoan …  edo ikusi bertzela Baztan Xaretarekin lotzen dituen bideak nola hartuak dituzten beraien kamuflajezko uniformeekin.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Eragin nabarmena, hasteko bikotea eta biek etxetik gabiltza lanean eta alabaren zaintzarekin uztartzea ez da batere bateragarria, horrek ekartzen duen zailtasun eta estresarekin, bertzalde eragin positiborik ere aurkitu diot, bikotea eta alabarekin 24 orduz egoteak elkar hobe zauntzeko aukera eman daku, Aiane poz pozik dabil aitetxo ta amatto beretako dituelako momentu oro.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Ez, batzuk lanean jarraitu dute, bertze batzuk ez, bakar batzuk etxetik dabiltza, batzuk pisu ttarretan bizi dire ta bertzeren batzuk terreno puske bat duten etxeetan. Batzuk bakarrik bizi dire, bertze batzuk familian eta izango da lagunekin bizi denik ere … milaka egoera ezberdin daude eta norberak ahal duen moduan eramaten saiatzen da.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Gizarteak, lehen gutxiesten zituen lanak orain ezinbertzeko direla ohartu da, tristeena da gizarteak memoria eskasa duela (salbuespenak salbuespen) eta suposatzen dut lehendabiziko futbol partidua martxan paratu orduko gehienek atzenduko dutela …

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Egoera ezberdinak uzten ariko da; nekazariek antzeko segituko dute eta gainera ohartarazi dakute beraiek gabe nekez jango dugula gainontzekook, bertzetik komertzio ttiki gehienei pertsiana jaustera behartu dituzte, herria zerbitzu horiek gabe utziz eta jende andana langabezira igorriz. Turismoak indarra duen bailara da gurea eta konfinamendua hasi zenetik bi zubi eta aste saindutako oporrak harpatu ditu landetxe, jatetxe eta ostatuak … huts hutsik utziz, udako oporraldiek ere ez dute itxura ona.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Elkartuz eta goitikoei aldarrikatuz behar bezalako Osasunbidea behar duela Nafarroak, eskatu AHT bezalako proiektu zentzugabeak alde batera utzi eta diru hori erabili dezatela komertzio ttiki, autonomo eta lanik gabe egon diren langile guztiei zor zaiena ordaintzeko.
Baztanen azken urteetan landutako bidea sinistuz eta indartuz, hau da, bertako nekazariak lagunduz, bertan bizi eta bertan kontsumituz, turismo jasangarri bat bultzatuz …

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Halaxe da, azken urteetan normalizatu egin dena eta konfinamenduan indartu eta gelditzera etorri dela erran duena, momenturen batean seguruenik bai, aukeran nahigo karriketan ikusten bagara.

Egoera honen aurrean, borroka da …


Ezkerretik, naturarekiko errespetu osoz mundu berri bat sortzeko bidea.


Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Liburu bat gomendatzeko eskatu didazue baina horren ordez Gure Planeta dokumental sorta ikustera gonbidatzen dizuet, ulertzeko munduan dagoen pandemia bakarra gu garela. Naturak ez gaitu behar bizirik jarraitzeko, guk aldiz bera bai.