Joseba Otondo: "Bizitzeko 'esentziala' zer den zintzoki pentsatu behar dugu"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Saharaz azpiko Afrikan aurten malariaz hil daitezkeen 769.000 pertsonetaz ari bagara, ez dut uste saguzarrek deusen errua dutenik.

Munduan elikadura ziurgabetasun larria bizi duten 113 milioi pertsonei buruz ari bagara edo gose kronikoa bizi duten 821 milioiei buruz; hor ere saguzarrak urrun.

Erregistroak daudenetik 2019koa izan da udarik beroena Europan. Azkeneko bortz urteak beroenak izan dira, gainera. Biodibertsitatearen galera alimalea gertatzen ari da. Gure zibilizazioaren oinarrian dauden hainbertze meatzetako lehengairen agortze aldian sartu gara …

Nola heldu gara norat?

Gerran gaude?

Bai.  Sirian armak ez dira isildu.  2001az gero munduko zonalde desberdinek gerra irekia bizi izan dute edo bizitzen dute: Afganistan, Irak, Libia, Siria, Yemen … Gerra horietan estatu aunitz parte hartzen ari dira –europarrak tartean- eta, bistan dena, armagintza industriak, Euskal Herrikoa barne. Industria horietan hainbertze bankuk parte hartzen dute eta horietako aunitzetan gure aurrezkiak ditugu.

Intentsitate desberdineko gatazka militarrak Mali, Niger edo Kongoko Errepublika Demokratikoan …

Mundua aldi militarista berrian dago hainbertze arrazoi  tarteko. Azpimarratzekoen artean lehengai estrategikoen eskasi aldian lehengai horiek kontrolatu ahal izateko potentzia hegemonikoen bultzada. Gure bizimodua elikatzeko, bidenabar erranda.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Hurbilekoenak osasunez ongi daudenez, ongi; lanean. Baina harriturik, jendeek egoera zein modu desberdinean bizi dugun eta beldur kontrolagaitzak zer nolako jarrerak sorrarazten dituen. Beldurra ulertu beharra dago. Baina beldurretik ezin gaitezke aritu. Harridura ere bai herrialdeen arabera paratu dituzten konfinamendu eredu desberdinak ikusterakoan eta Pirinioen hegoalderat bizitzen ari garena inguruko herrialdeetan bertze inon gertatu ez dela ikustean.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

2020 hasierako datuen arabera pobreziaren mugan 1.469 pertsona zeuden Baztanen. Pandemiaren eragina ikuspegi sozioekonomikotik aztertuta, bistan da, denei ez digula berdin eragiten. Lehen mailako erronka politikoa behar da estura sozioekonomiko hori bistaratzea eta horren neurriko premiazko politika publikoak bultzatzea.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Ñabardura bat eginen nuke. Zaintza lanek emakume aurpegia dute eta oraingo krisian hori azaleratzen ari da. Jardun esentzialak oinarrizko beharrekin lotuko nituzke: etxebizitza, elikadura, hondakinak, energia … eta zaintza, bistan da.  Eta hor aurpegi eta egoera desberdin aunitz ageri dira; lan egoera prekarioenetik erlatiboki airoso egon daitezkeen egoeretara. Egoera horiek aztertzeko tenorean generoak, jatorriak … egiturazko desberdinkeria aunitz ulertzen laguntzen dute.

Gauza bat da arrazoi desberdinengatik zerbait ikusarazi nahi izatea edo nabarmentzea eta, bertzea, bizitza eusten duten prozesu sozial eta ekonomiko anitzen elkarrekikotasuna, konplexutasuna,  eta osotasuna kontuan ez hartzea.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Oraino denbora eta distantzia pixkat beharko dugu egoeraren neurria zein den ongi jakiteko. Betiere zenbait datu hor daude: zahar etxeak lehenagotik bizi zuen egoera larritu da, gizarte zerbitzuetara logelako alokairua –bai, logela- ordaintzeko zailtasunekin jende gero eta gehiago heldu da, baita etxebizitza ordaintzeko zailtasunekin ere. Oinarrizko errentaren eskaera gero eta gehiago dago. Adineko jende multzo batek konfinamendu-aldia etxean bakarrik egin behar izan du, bakartasun eta beldur handiarekin … Guzti horri geldialdiak sorrarazitako ondorio ekonomikoak eta lan-arlokoak gehitu behar zaizkio eta horrek ekarri duen ezinegon bitala …

Aldi berean tarte honetan utzi gaituzten pertsonen hutsunea eta ezin egin izan diren doluek eta agurrek sortutako nahigabea …

Baina bertzalde, atakatik ateratzeko nahia eta itxaropena ere sumatzen da. Egunerokotasun berria sortzeko gogoa.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Lau urte hauetarako hiru ardatz nagusi genituen, zahar etxea, etxebizitza eta tokiko ekonomia. Oraingo egoerarekin bat egiten duten hiru ardatz dira, sakoneko azterketa bati erantzuten zioten oinarrizko ardatz bezala finkatu zirelarik eta, horregatik, oraingo egoerari ere erantzuten diote.

Horrekin erran nahi dudana da oraingo pandemiak oraingo egoera eta arazoetan sakondu egin duela, alderdi sozioekonomikotik larriagotu nahi bada. Baina horrek ez du baliogabetzen funtsezko azterketa, hau da, egiturazko krisi ekosoziala eta klima larrialdia bizitzen ari garela, eta horren testuinguruan agertzen dela pandemia.

Horregatik, zahar etxea, etxebizitza eta tokiko ekonomiari buruzko proposamen zehatzekin batera  garrantzia eta premia handikoa da, bizitzeko “esentziala” zer den hori zintzoki pentsatzea. Bizitza ona zer den, justua gogoetatzea. Auzoko 7.800 milioi pertsonendako ere izaten ahal dela ondorioztatzen badugu, -horrek ez du erran nahi denek eredu beraren arabera bizi behar dugunik- bizitza on hori herritar guztiek izan dezatela bermatu beharko dugu, ez duenari emanez eta soberan duenari guttiago beharko duela erranez. Bizitzak segurtasun batzuk eskaini behar ditu, kalteberatasunetik gerizteko babeslekua. Tokian beretik hasten dena, bizitzaren alderdi desberdinak birtokiratuz eta lurreratuz. 

Gure bizimoldearen alderdi materiala atzentzen dugularik gure nahi askatzaile eta berdinzaleak bertze geografia edo belaunaldietan tragediak sortzen ahal ditu.

Guttiagorekin, berdintasunean, bizitzen ikasteko ariketa kolektiboa egin beharra dugu. Arruntago, soilago; baina oinarrizko gisa ulertzen dugun hori denei bermatuta. Elkar lagunduz, elkarrekin arituz, elkar zainduz.

Guzti hori kapitalismoaren barnean ezin da.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Internet makina ikusezin bezala izendatzen dute batzuk. Guzti horren gibelean dagoen azpiegitura eta ematen diren jarduerak ez ditugu ikusten, baina errealitate guztiz ukigarria da, lau arlotan bederen: datuen biltegiak, komunikazio sareak, azkeneko erabiltzailearen gailuak eta azken horietarako ekipamenduen fabrikazioa. Interneten ondorio sozial eta kulturaletatik harago, alderdi material zabala du, Kongoko meatzetan hasi daitekeena nahi baduzu, mundu mailan hainbertze herritar eta lurraldeen erauzketa basan oinarritzen dena. Eredu sozial askatzaile eta berdinzale batek ikuspegi hori ez luke baztertu behar.

Gainerakoan 5G teknologiaren ezarpenarekin hasi dira, nahiz oraino ez den erabat baieztatu ahal izan jendeen osasunerako ondoriorik ez duenik.

Herriko plazan jendearekin elkar topatu nahiko nuke.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Egoera ongi aztertu ondotik jendarte sozialki justu eta ekologikoa eraikitzeko tresnetako bat.

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Liburua baino txosten mamitsu baina aldi berean irakur erraz bat: Kapitalismo globalaren kolapsoa eta gizarte ekokomunitarioetaranzko trantsizioa. Luis Gonzalez Reyesek idatzia eta Manu Robles Arangiz fundazioak aurtengo apirilean argitaratua. Ingurumen-krisiaz mintzo da, energia eta material gero eta guttiago dugula eskura ohartaraziz eta klima-aldaketa eta ekosistema aunitzen disfuntzioa gertatzen ari dela baietsiz. Ingurumen-krisia krisi ekonomiko eta sozialarekin arrunt lotzen du, gure antolamendu sozio-ekonomikoaren kolapsoa iragarriz. Azkenik, kolapso-testuinguru horretan gizarte ekokomunitario bati buruzko bideaz ari da.

Gai bertsuaz mintzo den liburu xarmanta Euskal Harriak da, Joseba Azkarraga Etxagibelek 2011an idatzia. Idazkera ederrarekin bizi dugun zibilizazio krisiaz ari da ekonomia, energia, klima, ekosistemak, gizartea, elikagaiak, kultura, hizkuntzak eta alderdi psikiko-espirituala aipatuz. Gaurko garapen-ereduak ezin duela berak  sorturiko krisi askotarikoari erantzun dio eta aldi historiko berrian sartzen hasi garela: zibilizazio moderno-industrialaren beheraldian.

Gai horiei buruz euskaraz zerbait antzematea zein zaila den ere aipagarria da.