Nola heldu gara hona?
Saguzarrek dute errua?
Noski ezetz! Saguzarrak ez dira errudunak. Infekzioaren jatorrizko
birusa saguzarretatik etortzeak ez ditu inolaz ere beraiek errudun egiten. Ezin
ditugu animaliak (kasu honetan saguzarrak) demonizatu ezta gure akatsen errudun
egin ere. Saguzarretan ohikoak diren
birusak mutazio bat jasan eta pertsonak infektatzera pasa badira ere, birus hauen
hedapen mugagabearen arduradun bakarrak gu gara, gizakiak. Nere ustez gure
bizimoduak, ingurumenarekiko utzikeriak suposatu duen ekosistemen suntsipenak
eta globalizazioak eraman gaitu egoera
honetara.
Gerran gaude?
Baietz erranen nuke. Hurbilekoari,
ingurumenari ... ez diogu behar duen garrantziarik ematen eta horiekiko
errespeturik gabe gerra galdua dugu. Egoera berri honek sorturiko erritmo
moteltzeak eta baloreen indartzeak honen inguruan hausnartzeko parada eskaintzen
digu, ia zerbait ikasteko eta ikasitakoa aplikatzeko gai garen ... Pandemia
honek begiak irekiko al dizkigu?
Zein eragin izaten ari da,
pertsonalki?
Pertsonalki, egoera onean nago, ezin naiz kexatu. Nere egoera ez da gehiegi
aldatu (noski, bertze batzuekin konparatuz). Familia eta inguruko jendea ongi
dago. Etxekoek lanean jarraitzen dugu: semeak ikasketekin eta bikotea eta biok
"telelanean", ahal den moduan. Horretarako beharrezko baliabideak
lortu ahal izan ditugu eta franko ongi moldatzen gara.
Nahiko isolatuak bizi gara eta horrek etxe inguruan mugitzeko eta inorekin
kontakturik izan gabe haizea hartzeko aukera eskaintzen digu.
Egoerak nere orain arteko bizitza erritmo azkarrean geldialdi bat suposatu
du eta hau, neurri batean positiboki baloratzen dut, nere buruarekin eta
familiarekin denbora gehiago pasatzeko aukera eskaini didalako, baina
bertzalde, askatasun beharra, etorkizunarekiko ezjakintasuna, hurbileko jendea
besarkatzeko beharra ... geroz eta haundiagoa da.
Pandemia honek denoi berdin
eragiten digu?
Ez, noski. Beti bezala, larrien dagoenari eragiten dio gogorren. Baliabide guttien
dituztenak ari dira pandemia honen eragin bortitzena jasaten: soldatarik gabe
gelditu diren familiak, lau pareten artean konfinatuak daudenak, lan
esentzialetan aritzen direnak eta etxekoak alde batera utzi behar izan
dituztenak, beren bizi proiektua galtzen ikusi dutenak ...
Hemen ere aipatzekoak dira egoera latz honetan hurbileko norbait galdu
dutenak eta agur errateko aukerarik izan ez dutenak... puff ...
Jardun esentzialek,
gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?
Gure gizarte ereduak (patriarkala) aldaketa bat behar duela, balore eskala
errealitatera egokitu behar dela eta berdintasuneranzko pausuak ematen
jarraitzea behar beharrezkoa dela. Gutxietsiak dauden lan horiek, eta noski
hauek egiten dituzten pertsonek (gehienetan emakumeak), gizartean duten
garrantziaren mailako errekonozimendua (ekonomiko, politiko eta soziala) behar
dutela
Baztanen zer egoera uzten
ari da pandemia?
Nik ere bi zutabe nabarmen ikusten ditut kasu honetan: alde batetik zahar etxeko
egoera latz eta gogorra eta bertze aldetik gure bailaran hain garrantzitsuak
eta hainbertze diren autonomoen egoera; ostalaritza eta turismo sektorea batez
ere: ostatu, jatetxe, landetxe; baina baita komertzio ttikia, gremioak, etab.
ere.
Baztanen nola egin aurre
pandemiari?
Elkar laguntzea beharrezkoa ikusten dut (egoera honekin hasi eta berehala
sumatu ziren mugimenduak zentzu honetan); bertzalde, ahal den neurrian instituzioetatik
aipaturiko sektore larrienendako diru laguntzak lortu eta bideratuz; zahar
etxearen kasuan kudeaketa zuzena bermatu eta kontrolatuz; eta azkenik
herritarren aldetik bertakoari duen garrantzia emanez eta bertan gastatu
eta bertan/bertakoa kontsumitzen hasiz.
Gizarte hiperkonektatu baten
aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?
Bai, teknologia berriak eta konexioak
abiadura haundian dazi eta behar bada egoerak bulkaldia eman dio
hiperkonexioari. Konektatuta egoteak aukerak zabaldu dizkigu egoera honetan eta
nik behinik behin aunitz eskertu dut: Telelanean aritzeko aukera izan dut, familia
eta lagunekin “harremana” mantendu izan dut, hainbat poteo eta aperitibo
birtual egin ditut, kirola etxean egiteko aukera izan dut ... Dena den,
hiperkonektatuta ere, hurbilekoekin egoteko, besarkatzeko, pote bat elkarrekin
hartzeko, otordu bat elkarrekin egiteko beharrak hor jarraitzen du, zorionez
gaurdaino ez da hau ordezkatuko duen konexio birtualik asmatu!
Egoera honen aurrean,
borroka da …
Beharrezkoa: ezin gara beldurraren aterkipean manipulatzen utzi, gure
eskubideak inoiz baina gehiago defendatu behar ditugu eta ingurunearen
defentsan ere borrokan jarraitu behar dugu (ea honen garrantziaz ere ohartzeko
aukera ez dugun galtzen).
Liburu baten irakurketa
gomendatuko al zeniguke. Zergatik?
Konfinamendu garaian irakurri dudan azken liburua El violinista de Mauthausen izan da, irakurtzeko erreza eta tentsioan
mantentzen zaituena. Kapituluz kapitulu irakurtzen jarraitzeko grina sortu
didana.
Baina ez nuke neretako erranahi berezia duen liburu bat aipatu gabe utzi
nahi: Jon Barberenaren Izoztu zitzaigun
negu hura. Olerki liburu zoragarria, arras sakona eta sentimentuz betea.