Arras Baztan
fundazioak tokiko ekonomia pizten laguntzeko 10.000 euro bideratuko du 15 euroko
bonoetan Baztango ehun ekonomikoan erabiltzeko. Bono hauek Piztu! deituko dira eta
Baztango Udalak egindako diru ekarpenari esker eginen da. Arras Baztan fundazioak
kudeatuko du, Baztango eragile sozioekonomikoek osatzen duten fundazioak hain
zuzen, eta bertako ekonomian 30.000 euroko eragina izatea espero da.
Herritarrek 15
euroko balioa duten bonoak eskuratu ahalko dituzte. 10 euro herritarrak paratuko
ditu eta 5 Arras Baztan fundazioak. Bonoa pertsonaren, enpresaren eta Arras Baztanen
arteko konpromisoa da. Bono horiek Piztu! kanpainarekin bat egin duten Baztango
komertzio, zerbitzu eta ekoizle ttikietan erabiltzen ahalko dira eta helburua
tokiko ekonomia piztea da.
Zergatik da desberdina Piztu Bonoa?
Piztu! bonoaren bereizgarria
da ekonomia birtokiratzeko Baztanen gaurgero abiatua zen eginahalarekin bat
egiten duela. Horrela, Arras Baztan fundazioak bultzatutako “Konpromiso ttikien
kanpaina” gainean antolatzen da. Horregatik, Piztu!rekin bat egiten duten
komertzio, zerbitzu eta ekoizle ttikiek Baztango ekonomia birtokiratzea helburu
duten konpromiso ttiki horiek sinatu eta betetzeko ardura hartu beharko dute.
Hortaz gainera,
parte hartuko duten enpresak elkarteetan bazkidetuak izanik interes orokorragoen
lagun dira, eta hori saritu eta indartu nahi da: Elkartegintza balioan jarri. Beraz,
Piztu! bonoek herritarretan eta eragile ekonomikoetan jarrera arduratsu eta konszientea
eragin nahi dute tokiko ekonomiari buruz, elkarrekikotasuna bultzatuz.
Parte hartzen duten enpresak
Parte hartzen duten
enpresak Alerta Egoeragatik hetsi behar izan dutenak dira, edo jarduera eduki
izanagatik ere apirileko fakturazioa %50 baino gehiago jaitsi zaienak. Enpresa
hauek gainera, Arras Baztan fundazioa osatzen duten elkarteetan atxikituak
egotea lehenetsiko da, elkartegintzak tokiko ekonomia antolatzen eta bultzatzen
laguntzen baitu.
Elkartasun keinu
gisa, 2019ko urtarrilaz geroztik ireki duten enpresek ere parte hartzen ahalko
dute nahiz elkarteetan ez egon; hori bai, “Konpromiso Ttikien Kanpaina”rekin
bat egin beharko dute.
Halaber, 2020
honetan elkarteetan izena ematen duten enpresek %50eko kuota beherapena izanen
dute.
Bonoak non eta nola eskuratu eta informazio gehiago
Bonoak Elizondoko
plazako informazio bulegoan eskuratzen ahalko dituzte herritarrek, hartzeko
tenorean non gastatu nahi duten hautatu beharko dute. Horretarako enpresen zerrenda
eguneratua argitaratuko da www.arrasbaztan.eus web orrian eta Informazio Bulegoan
ere kontsultagarri egonen da.
Bonoak bi alditan
jaulkiko dira ekainaren: 1etik 7ra eta 15etik 21era. Eta aldi bakoitzean herritar
bakoitzak lau bono hartzen ahalko ditu gehienez. Bonoa eskuratzeko Baztanen erroldatua
egon behar da eta 16 urtetik goiti izan. Bonoa eskuratzeko tenorean herritarrak
ez du deus ordaindu beharko, 15 euroko erosketa egiterakoan bonoa erabiliko du
eta 5 euroko beherapena aplikatuko zaio.
Plazako informazio
bulegoa astelehenetik igandera irekita egonen, goizeko 10:00etatik 15:00etara. Eginahal
ekonomiko hau ahalik gehien banatzeko komertzio, zerbitzu edo ekoizle ttiki bakoitzean
erabili ahalko den gehienezko bono kopurua finkatuko da.
www.arrasbaztan.eus
web orrian eta Informazio Bulegoan informazio guztia dago, bai herritarrarentzat,
nola enpresarentzat. Kontsumoa sustatzeaz haratago, baztandarren arteko
konpromisoa saritzen dute Piztu! bonoek. Alerta Egoeraren argitara mundua
ttikitu da, eta harreman moduak eta nahiak berpiztu dira: elkar babestu eta
zaintzeari arreta jarri diogu. Piztu Bonoa testuinguru honetan sortu da. Elkar
babestu, elkar zaindu, ardura… balio hauek tokiko ekonomiara lotzen ditu. Alde
batetik herritarrak eta bertzetik tokiko eragile ekonomikoak, piztu bonoak alde
guztiak ekonomia birtokiratzeko eginahalean lotzen ditu.