Udalak salmenta zuzena arautzea eskatu du


Salmenta zuzenaren legea arautzeko eskaera eginen dio Baztango ...

Azkeneko hilabeteetan udaleko osoko bilkurak bertan behera egon ondotik, joan den ortzegunean egindako maiatzeko bilkuran Baztango Udalak aho batez onartu zuen elikagaiak ekoitzi, eraldatu eta horiek zuzenean edo zirkuitu laburren bidez saldu nahi duten etxalde ttipien betebeharrak arautzeko proposamena egitea Nafarroako Gobernuari. Proposamena EH Bilduk aurkeztu zuen eta gainerako alderdi guztien babesa izan zuen.

EH Bilduren ustez nekazaritza herrikoi eta iraunkorra sustatzeko eta landa eremu bizia ere bai, beharrezkoa da etxaldeei aukera desberdinak ematea eta horietako bat lehengaiak eraldatu eta zuzenean saldu ahal izatea da. Hori tokiko ekoizpen sistemak eta merkaturatzeko zirkuitu laburrak bultzatuz eta garatuz lortzen ahal da. Horretarako “Pakete higienikoak” lehen sektoreko produktore ttipiei dakarzkien betebeharrak arindu behar dira, azpiegituren alderdian batez ere.

Gaia arautzen duten Europako erregalamenduek Estatuen gain uzten dute elikagaiak ekoitzi, eraldatu eta banatzeko modu tradizionalak baimentzea eta horretarako beharrezkoak diren azpiegituren eraikuntza, diseinua eta hornidurak zein diren finkatzea.

2010. urtean Nafarroako Parlamentuak salmenta zuzena arautzeko legea onartu zuen  Legearen helburua zen salmenta zuzeneko baldintzak malguagoak izatea. Ildo horretan 2014. urtean  aipatu legea garatzeko Foru Dekretua onartu zen (baina legeak finkatutako helburuak betetzeko ez da gai izan. Aitzineko legealdiaren akaberan parlamentuan aipatu legea garatzeko proposamena egin zen baina ez zuen aitzinerat egin).

Horregatik, tokiko ekoizpen sistemak eta merkaturatzeko zirkuitu laburrak bultzatu eta garatzeko arautegi berria behar da. Alderdi hauek bederen bilduko dituena:

  • Eligaiak kopuru mugatuan ekoitzi eta zuzenean edo zirkuitu laburren bidez saldu nahi duten ekoizle ttiki edo elaboratzaile agroalimentarioen betebeharrak, obligazioak eta ardura orokorrak ezarri beharko ditu.

  • Zuzenean saldu nahi duten ekoizle ttikiendako baldintza zehatzak ezarriko ditu.

Hortaz, guzti hori kontuan hartuta Nafarroako Gobernuari salmenta zuzenaren legearen arauketa lehenbailehen egin dezala eskatzea onartu zuen atzo Baztango Udalak

EH Bilduren erranetan, Ipar Euskal Herrian darabilten arauketa beharko litzateke Nafarroan, baserritarrei beren produktuak eraldatu eta zuzenean edo zirkuitu laburren bidez saltzea erraztuko diena.