Nekazaritzarako Lurralde Historikoak babesteko itunarekin bat



Abuztuan egin zen ohiko osoko bilkuran Baztango udalbatzak Nekazaritzako Lurralde Historikoak zaindu eta garatu nahi dituen “Intervegas”eko itunarekin bat egin zuen. Nekazaritzako Lurralde Historikoak kultura balio handiko nekazaritza-espazioak dira, presio handia jasaten dutenak eta horregatik legezko babesa behar dutenak. Helburu horrekin 2015ean Espainiako Estatuan jardunaldiak egin ziren eta aurtengo urtearen hasieran lege-proposamena aurkezteko zen Estatuko kongresuan.

Baztango EH Bilduren ustean nekazaritzako lur onek presio handia jasaten dute eta horiek zaintzea beharrezkoa da: Aroztegia dela, Erdiz... Horregatik aurkeztu zuten mozioa, Baztanen bizi den egoerari buruz eztabaida irekitzeko eta neurriak lantzeko.

Itun honek aipatu eremuak indartzeko neurrien dekalogoa du. Horietako bat da gai hauetan eskumena dutenei eskatzea lur hauen nekazaritza-jarduerarekin bateraezina den bertze edozein erabileraren aitzinean babestea. Horrez gain hau ere eskatzen da: komunalak komunal izateagatik babestea eta errespetatzea eta horretarako neurri legegileak proposatzea.

Neurrien artean nekazaritza bizkortzeko neurriak aipatzen dira merkaturatzeko bide laburrak bultzatuz, lurralde horietako produktuak balioetsiz eta elikadura osasungarriaren alde eginez. Sozialagoak  eta ekologikoki iraunkorrak diren produkzio-moldeak erabiliz.

Modu berean baserritarren lana ezagutaraztearen garrantzia aipatzen da, elikagaiak eta lehengaiak ekoizten dituztelako, paisaia sortu eta kudeatzen dutelako, lanpostuak sortzen dituztelako eta lurralde horietako ekonomian egituratzen laguntzen dutelako.

Bertze neurri bat baserriak iraunarazteko belaunaldi-errelebo egokia bermatzeko, lan-munduan txertatzeko programak egitea da, nekazaritza eta abeltzaintza jardueren inguruko sentsibilizazioa bultzatuz.