Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxeak deituta, eta euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza bekarako deialdia luzatu berri da.
2021eko deialdiak sormenezko lanak sarituko ditu. Deialdirat aurkeztu nahi dutenek, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta bertze inondik moldatuak ez direnak.
Formatu digitalean (PDF bertsioa) edo paperean aurkezten ahalko dira. Baztango Udaleko erregistroan lanak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 4a artio izanen da, eguna bera barne.
Lagin irabazleari 3000 euro emanen zaizkio 2021eko ilbeltzan, eta idatzia akitzerakoan bertze 3000 euro. Bekaren oinarriak eta informazio gehiago Baztango Udal webgunean.