Gaur, abenduaren 19an, goizeko 11.00etan abiatuta, burutu da Elizondoko Zahar Etxea inguratuz egin den babes ekitaldia. Emaitza bikaina izan da oso, jende aunitzek parte hartu baitu bertan, Zahar Etxea defendatzeko orduan baztandarrek bat egiten dutela erakutsiz, eta bidenabar gure amatxi eta aitatxien zaintza on eta kalitatezkoak duen lehentasuna azpimarratuz. Gaur txaloak entzun dira baina bereziki berotasuna antzeman da bertaratuen artean, hainbat hilabete gordin eta mingarri pasa dituzten aitatxi eta amatxiei eskainitako berotasuna.
Gaurkoa urrats bat izan da, garrantzitsua, baztandarren babesak urrea balio du, baina hemendik aurrera lanean jarratzea tokatzen da. Zertarako? Zahar Etxeko lan kontratu prekarioekin amaitzeko edo aspalditik ezarritako ratio desegokiekin amaitzeko; Patronatuak bere gain duen ardurari behar bezala erantzun diezaion; eta honekin guztiarekin batera, Zahar Etxea erakunde publikoa bilakatzeko, adinekoen beharrak benetan zainduz eta zerbitzuetan eta irabazietan soilik oinarritutako egungo eredua baztertuz.