Abenduaren 9an Arizkunenea kultur etxeko sabaian haurdunaldi subrogatuaren gaineko ikastaroa izan zen. Hiru gonbidatu ibili ziren bertan gaiaren gainean solasean: Oihana Etxebarrieta, Josebe Iturriotz eta Maite Asensio. Hiruak ere gaiaren inguruan lanketa desberdinak egin dituzte eta denak diskurtso feminista emateak duen garrantzia azpimarratzeaz ados egon ziren.
Haurdunaldi subrogatuaren aferak eztabaida handiak piztu izan ditu azkeneko urteotan. Honen gainean interes handia dagoela ikusirik eta lanketa egitea beharrezkoa ikusten zenez, Baztango Berdintasun Batzordea ikastaro hau antolatzera animatu zen.
Alderdi ezberdinetatik heldu zitzaion gaiari: Legediaren alderditik, alderdi ekonomikotik, sozialetik eta moraletik, adibidez. Hauek uztartuz argi gelditu zen erdigunean desio eta eskubidearen arteko jokoa mahai gainean jarri behar dela eta emakumea eta umearen eskubideak bermatzea zein garrantzitsua den. Adibide ezberdinak jarri ziren eskubide hauen inguruan mintzatzerakoan, bertzeak bertze Estatu Batuetan, Kanadan nola Ukrainan emakumeek dituzten eskubideak. Agentziek beraien mekanismoak erabili izan dituzte estatu hauen propagandarako; hala nola Estatu Batuei “kalitatea” azpimarratuz eta Ukrainari “merkeago” kontzeptua txertatuz. Beti ere, haur baten salmentaz ari direla argi utzi zuten gonbidatuek.
Publikoan zabaldu dena kontutan hartuz, Estatu Batuetako haurdunaldi subrogatuak betetzen omen ditu altruismoz egiteko puntu gehien. Bertzeak bertze haurdunaldia eramanen duen emakumea ez da ekonomikoki pobrea izanen, beraz, erdi mailako edo maila altuko emakumea izanen da prozesu hau eramanen duen emakumea. Honek, benetan beharra duten emakumeei aukera kentzea dakar eta maila altuko emakumeari diru gehiago izatea ahalbidetzen dio, berak jada izan dituen seme-alabei unibertsitate ikasketak ordaintzeko, adibidez. Emakume hauek sinatzen duten kontratuan betebehar andana izaten dute, adibide kurioso bezala, kontratuan posiblea da 9 hilabete horietan inolako erlazio sexualik ez edukitzea derrigortzen dizun puntua aurkitzea. "Mugaz betetako 24 ordu eta 9 hilabeteko kontratua izanik, ez al da esplotazioa?", erran zuen Josebe Iturriotzek.
Bertzetik, merkantilizazio eta erregulazioaren gainean mintzatu ziren gonbidatuak. Aita edo ama izatearen desio horrek, aspalditik emakumearen gorputzarekin desjabetzen jarraitzea inplikatzen du, agentzia hauentzat negozio oparoa bilakatuz. Haur bati prezio bat jartzea inplikatzen du, baina benetan zenbat balio du ume batek? Emakumearen gorputza alokatzeak zein prezio du? 9 hilabetetako prozesua ongi badoa prezio bat eta ondorio negatiboak baditu bertze bat? Hau erregulatu behar dela argi gelditu zen Arizkuneneako sabaian.
Honi tiraka, bertze eredu batzuez ere mintzatu ziren, adopzioa eta harrera familiak adibidez. Hauek ere mahai gainean jartzeko beharra argi gelditu zen, duten garrantzia azpimarratuz.
Amatasunaren auziak ere eman zuen zer erran eta pentsatua. Guraso izatea desio bat da edo jendarte honek inposatutako betebehar bat? Horri buruz hausnartzeko gonbitea egin zuten. Hau da, familia eredua baino, familia kontzeptua bere problematizatu beharra dagoela. Horrekin batean ere, zaintza ereduari buruz hausnartzera gonbidatu zuten.
Bertatik ateratako parte hartzaile batzuek burutan zuten galdera batzuen erantzunik gabe gelditu baziren ere, modu kolektiboan nola indibidualean gaia lantzeko informazio andanarekin atera ziren. Beraz, diskurtsoa landu beharraren etxerako lanarekin itzuli ziren bertaratutakoak. Badago zer landu, animo!