Lizuniagan elgarretaratzea: indar okupatzaileak kanpora!

 



Urte hasmentan, ilbeltzaren 14an hain zuzen, frantziar Estatuak Ipar eta Hego Euskal Herri arteko zortzi pasabide itxi zituen "terrorismoaren" aitzakiarekin. Azken hilabeteotan, gainera, etengabeko presentzia militarra inposatu zaigu, okupazio giro bat sortuz herritarrengan.

Hau guztia salatzeko, lehen elgarretaratze bat egin zen Izpegiko lepoan, eta bertze bat deitua dago, urtarrilaren 30ean, 15.00etan, Bera eta Sara lotzen dituen Lizuniagako lepoan, indar okupatzaileak kanporatzeko eskatuz eta "herri bat gira, independentzia" lelopean. 

Deialdi berri honen atarian, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak itxita dauden zortzi pasabideak ez direla berehala irekiko baieztatu du. Mehatu terrorista, migrazioaren fenomenoa eta osasun krisia mahaigainean jarriz, prefetak gutxienez otsaila bitartean atxikiko dutela berretsi du.

Gaur egun honako pasabideak irekiak daude: Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausu eta Behobia arteko zubia, Biriatu, Ibardin, Dantxarinea eta Arnegi. Alta, Hendaia tea Hondarribia lotzen dituen itsasoko txalupa zerbitzuak geldirik jarraitzen du, baita Hendaiako merkantzia zubia ere. Berdin Lizuniagako eta Lizarrietako lepoak, Sarako bidea, Izpegiko lepoa, Larraine eta Aldudeko pasabideak.

Gauzak honela, atzo, ilbeltzak 28, Baztango udalean egin zen osoko bilkuran,  mozioa onartu zen, EHBildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko 10 bozka eta Navarra Sumaren kontrako hirurekin, honakoa: 

"Pirinio Atlantikoetako prefetak Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen eta Lapurdiren arteko bederatzi muga-pasabide hetsi ditu, horren arrazoia izanik “Terrorismoaren aurkako borroka”.

Egun batetik bertzera egunerokoa mugaz gaindi egiten duten herritarrek beren harat-honata gogorki baldintzaturik ikusi dute, bai lan-arloan, bizitza sozialean, zerbitzuen eskurapenean e.a.

Aitzinetik ere horrelakoak bizi izan ditugu, iazko lehenengo konfinamendu-aldian edo Miarritzeko G7aren biltzarra zela eta.

Estatuen gainetik eguneroko bizitza egiteko lurralde eremu historikoa hedatzen da mugaren bi aldeetarat, herritarrek ohiko bizimoduarekin eraiki dutena elkarbanatzen duten kulturaren bidez, espazio sozial bizia sortuz, Madriletik eta Parisetik urrun. 

Horregatik, gure lurraldearen barneko bizitza baldintzatu eta gelditzeko Frantziako eta Espainiako estatuek duten ahalmena salagarria da eta horretan gehiegikeriaz eta bidegabeki ibiltzea ere bai, azkeneko aldian ikusten ari garen bezala.

Halaber, horrelako erabakiak kinka larrian uzten dituzte Europan asmatutako euro eskualdeak. Gure kasuan Akitania, Euskal Autonomi Elkartea eta Nafarroa. Paperean elkargunea baina errealitatean inolako eraginkortasunik gabe, horrelako erabakiak ekiditeko.

Horregatik, PROPOSATZEN DUGU:

- Muga-pasabideak hestea publikoki salatzea
- Pirinio Atlantikoetako prefetari eskatzea hetsitako mugako pasabideak lehenbailehen irekitzea.
- Euro eskualdeak indar egin dezan horrelako erabaki kaltegarriak ekiditeko".