Astelehenean Magnesitas de Navarrak Baztango Batzar Nagusiko kideei aurkeztutako proposamenaren aitzinean Erdiz Biziriketik hurrengo irakurketa egin du, bere osoan azaltzen dizueguna:
"-Magna multinazionalak astelehenean aurkeztu zuen proposamena mendez mende Baztango ekonomiaren euskarria izan den eta den Erdizeko bazkalekua desagerraraztea suposatuko luke.
-Inongo lotsarik gabe sinistarazi nahi digute Natura 2000 eremu babestuaren gainean meategi bat eraikitzea Baztango nekazari zein herritarrentzat onuragarria izango dela.
-Magnari oroitarazi nahi diogu herri honek memoria baduela eta otsoa ikusteko gai dela ardi larruarekin mozorrotua heldu bada ere. Asteleheneko bileran “kolaborazioa” eta “elkarlana” bezalako hitz politak erabili bazituzten ere, azpijokoen maisu direla badakigula eta ez digutela ziria sartuko.
-Oroitzen gara nola herri honetako ordezkari politikoen zein eragileen borondatea behin eta berriz diruarekin baldintzatzen saiatu diren, nola legez kontrako proiektuak bultzatu dituzten, nola proiektua legez kontrakoa zela jakinda ere Baztan parte den Kintoko mankomunitateko lurrak UGPS/PSISaren bitartez espropiatu zituzten, eta nola beren trikimailuak erabili dituzten Baztan eta Esteribarren arteko muga ere beren alde mugiarazteko.
-Hortaz, enpresari ere memoria ariketa bat egitea eskatzen diogu. Oroitarazi nahi diogu herri honek badakiela zer nahi duen eta batez ere zer ez duen nahi. Baztanek behin eta berriz erakutsi du Erdizen ez duela meategirik nahi. Aldi berean erakutsi du herri lurrak defenditzeko duen indarra eta ahalmena.
-Beraz, Baztango herrilurren kontrako eraso berri honen aitzinean hurrengo hilabeteetan baztandar guztioi dagokigun antolaketa eta mobilizazio lanetan arituko garela jakinarazi nahi diogu Magnari zein berarekin batera gure lurra, osasuna eta bizimodua arriskuan jarri nahi duten guztiei.
Lurraren osasuna, gure etorkizuna!
Ingurumenaren eta Tokiko Ekonomiaren Alde!
Erdiz Bizirik!"