Sotero Etxandi: "Urtarrilaren 9ko mobilizazioak ez du etenik izan behar urtean zehar"



Urtarrilaren 9an, bihar, Euskal Herriko gainontzeko herri eta auzoetan bezala, arratsaldeko 17:30etan, Elizondo eta Erratzun preso eta iheslarien etxeratze prozesu eta elkarbizitza eta bakearen alde bilduko gara. Deialdi hau bultzatzeko, Arranbelak hainbat preso ohirekin elkarrizketak burutu ditu. Gaurkoa, hirugarrena duzue, Arraiozko Sotero Etxandiri egina.

Aurtengoa urte berezia izaten ari da, Covid-a dela eta. Presoekin harremanik baduzu? Nola daude/ikusten dituzu? 

Hainbat lagunekin baditut harremanak. Erran didatenez, covid-aren inguruko neurriak ez dira presoak kontuan izanda hartu, murrizketak izan dituzte alde guztietatik, harremanen murrizketak barne... diotenez ez omen dira neurri egokiak hartu, batzuk egoera larrian daude, beldurtuta, ezinegonean... normala den bezala! 

Zer ari da gertatzen euskal preso politikoekin? Haietako gehienak kide izan zituen erakundeak bere jarduera bukatu eta kasik 10 urtera giltzapetuta eta salbuespen egoeran jarraitzen dute. Zergatik? 

Estatu politika eta Estatua bera frankismoz beteta dago, estamentu judizial, militar eta monarkia bera ere hortik datozelarik eta ikusten ari gara zer botere daukaten! Gaurko egunean Estatua pausu batzuk ematen ari da egoera makilatzeko, baina preso politikoekiko mendeku politika batekin jarraitzen du. Azkenean, egoera honen aurrean, guri borrokatzea tokatzen zaigu: presoak, lehen pausu bezala, hurbilduak izan daitezen baina euren kaleratzea ere beharrezkoa dugu, moralki denon eginbeharra da. Dudarik gabe borrokak segitzen du, segi beharko du. 

Azkenaldion hainbat mugimendu ikusten ari gara. Esanguratsuak? 

Gobernuan daudenak edo, boterearen parte bat dutenak, urratsak ematen ari direla nabarmentzekoa da, baina nik uste nahikoa ez diren, oraindik aunitzek urrunduta jarraitzen duenean eta Euskal Herrira hurbildu gabe. Gure esku dagoen guztia egin beharko dugu, presionatzeko eta presoak etxera ekartzeko. 

Bien bitartean, gaisotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen kopurua gorantz doa. "Ikaratzeko moduko egoera" dela aipatu izan da. Nola egin aurre egoera honi? 

Badira hainbat preso, beraien legeen arabera ere, kartzelan egon beharko ez zutenak, normala da, gainera, gero eta eri gehiago izatea, adinaren kontuaren arabera, kartzelak nola dauden diseinatuak... erraza da eritzea! Ez zaigu besterik geratzen, datorren 9an bezala, eta beste egunetan ere, borrokan jarraitzea, instituzionalki nola kalean! Estatuei eta gobernuei eskatu eta exijitu behar zaie preso horiek kaleratzea orain berean, ez dago beste biderik, borrokatzea, borrokak seguru emaitzak ematen ditu! 

Urtarrilaren 9rako mobilizazio deszentralizatuak deitu ditu Sarek. Hainbat mobilizazio eta protesta burutzen dira urtean zehar... Euskal presoen kontuak ba al du gaur egun behar besteko irismen eta babes sozialik? 

Babes soziala bada, baina nire ustez presoen aldeko borrokan, behin baino gehiagotan, eskas edo behar bezala ez garela ari uste dut, gehiago egiten ahal dugula, gehiago egin behar dugula, baita gure zonaldean ere, nire burutik hasita. Preso daudenak herri honen alde gehien borrokatu dutenak dira, beren bizitza arriskatu dutenak, dena eman dutenak, eta horregatik daude dauden egoean eta horregatik derrigorrezkoa da, beharrezkoa da, eta moralki obligazionea dugu denok ere borrokatzeko presoak kaleratu arte. Urtarrilaren 9ko mobilizazioak ez du etenik izan behar urtean zehar. 

Kalkuluak eginak daude eta azken presoa 2057an aterako omen litzateke espainiar legediaren arabera. Noizko preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko etorkizuna? 

Pentsatzen dut data hori baino lehen gai izango garela lortzeko! Honek behartzen gaitu gehiago borrokatzera, ezin baitugu onartu hain etorkizun luzera euskal presorik ikustea, nik ez dut onartzen inondik ere eta ez dut uste onartzen ahal dugunik inork ere. 

Zer desio duzu 2021ari begira? 

Gure preso politikoak etxean ikustea, presoen kaleratzea pausu bat izanen baita herri honen askatasunaren bidean. 

Elkarrizketa hau irakurriko duten baztandarrei zer eskatuko zenieke eta zergatik? 

Denok gehiago egin dezakegula herri honen alde. Sakrifizio pertsonalak balio du zertaz horrela lortzen dira gauzak, beraz, borrokatzera deitzen dut jendea Euskal Herria askatu arte!