"Maiatzaren 15ean karrikak hartuko ditugu"




Aroztak herri ekimenak prentsaurrekoa eskaini du maiatzaren 15ean Aroztegiko proiektuaren kontra eginen den manifestazioaren berri emateko. Bertan esandakoak bildu ditugu:

"Gaur hemen bildu gara maiatzaren 15ean, arratsaldeko 17:30ean, Elizondoko plazatik abiatu eta Lekarozen akituko den manifestazioan parte hartzera deitzeko.

Aroztegiko pelotazo urbanistikoa Lekarozko herria suntsitu eta Baztan osoko bizimodua baldintzatuko lukeen proiektu txikitzailea da. Lekaroz zein Baztan guztiko herritarrek hainbat modutan adierazi dugu ez dugula horrelako proiekturik nahi, ez gure herriarendako ez bertze inorendako. Behin eta berriz erran dugu gure ingurua, gure oihanak eta gure kultura bizirik mantendu nahi ditugulakoz, ez dugula horrelako proiekturik onartuko. Belaunaldiz belaunaldi eta mendez mende bizirik iraun duen hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazi nahi dute hondeamakinak, motozerrak eta indar okupatzaileak erabiliz. Espekulazioan adituak diren promotoreek, zein beren mesedetara dauden ordezkari politikoek jakin dezatela, ez dugula etsiko proiektu hau gelditu artio. Ez garela isilik geldituko.

Mehatxu honen aitzinean belaunaldiz belaunaldi eta mendez mende egin dugun bezala zutituko gara. Berriz ere argi utziko dugu herri hau ez dagoela salgai, eta ez gaudela gure asimilazioa bultzatu nahi duen hamaikagarren inposizioa onartzeko prest. Batzuk, arazoari garrantzia kendu nahian, Nafarroako landa eremuan gertatzen ari den gatazka isolatu bat bezala kudeatu nahi izan dute. Baina ez da horrela, gure lurra, bizimodua eta hizkuntzaren kontrako eraso zuzena den heinean, gatazka honek berebiziko garrantzia du, gure bailaratik gaindi, euskaldun guztion kontrako erasoa baita, ez lekaroztar edo baztandarren kontrakoa bakarrik.

Beraz, erantzunak ere maila berekoa izan behar duela uste dugu. Belaiak eta oihanak hartu ditugun bezala, maiatzaren 15ean karrikak hartuko ditugu. Horretarako, herritar guztiak deitzen ditugu gurekin batera Aroztegiko proiektua gelditzeko maiatzaren 15ean eginen den manifestazioan parte hartzera".