Magnak Erdizen egin nahi duen meategi proiektuaren alde zaude?

 

(Argazkia: Juan Mari Ondikol)



Baztango Batzar Nagusiek ezohiko bilkura burutu berri du, puntu bakarraren inguruan: Erdizeko  proiektuari buruzko herri galdeketa. Gehiengo zabal batez herri galdeketa egitea deliberatu du Batzar Nagusiak, eta data bat jarri du horretarako: urriaren 23a.

Batzar Nagusietako lehendakaria den Joseba Otondok Xorroxin irratiari adierazitakoaren arabera, "jakin nahi duguna da baztandarrek, bozkaren bitartez, zein duten iritzi nagusia eta alderdi horretarik arrunt inportantea da bai batzuek bai besteek bozkatzea, baita zuriz bozkatu nahi duenak ere".

Jakina da, aurretik ere, Erdizen inguruan eta bertan harrobia indarrean jartzeaz, Baztango Batzar Nagusiak duen iritzia: "Erdiz dela Baztango bazkalekurik handiena; eta beraz, ondasun bat dela eta hori horrela denez, horren gainean baztandarren iritzia zein den jakitea inportantea dela".

Duela urtebete Batzar Nagusiek baimena eskatu zioten Espainiako Gobernuari, toki esparruko legearen arabera galdeketa egiteko. Ezin izan da galdeketa hau egin, erantzuna ezezkoa izan delako, eta horrela, "herritarrek parte hartzeko duten eskubidean oinarritutako beste galdeketa bat, beste formulazio eta antolaketa batekin, eginen da". Hauxe da, hain zuzen ere, urriaren 23ko deialdia. Galdera zehatz bat eginen da egun horretan: Magnak Erdizen egin nahi duen meategi proiektuaren alde zaude?. Egun horretan herritarrek, beren erantzunarekin, erakusten duten borondatea Nafarroako Gobernuari jakinaraziko zaio, kontuan har dezan.

Magna eenpresak Erdizeko harrobiaren proiektua berriro abiatu nahi du eta horren berri eman dio Nafarroako Gobernuari, udalaren gaineko eragina duen plan bezala aurkeztu nahi duela jakinaraziz. Egitasmo honen inguruan kezka handia da baztandarren artean, bazkaleku komunalen balio ekonomiko eta ekologiko handia dela eta; duela hamarkada bat, harrobiaren aurreko proiektuaren kontra mobilizazio handiak izan ziren; eta horien ondorioz, harrobiaren proiektua geraraztea lortu zen. Zer gertatuko da oraingoan? Herritarrok erranen dugu.