Azaroaren 20an batzarrak deitu dituzte herri guztietan


 

Azaroaren 14an, Baztango herrietako alkateek, Almandizkoak izan ezik, agerraldia burutu zuten, Magnak Erdizeko bazkaleku komunalean egin nahi duen harrobiari buruz egin asmo zituzten herri galdeketak Espainiako Gobernuak bertan behera utzi ditu ostean. Osorik jaso ditugu agerraldian esandakoak eta bertan egin duten proposamen berria:

"Baztango Batzar Nagusia bi aldiz saiatu da herritarrek Magnak Erdizeko bazkaleku komunalean egin nahi duen harrobiari buruz duten iritzia jasotzen. Bi saiakerak debekatuak izan ziren. Urriaren 23an, hondar galdeketak izan behar zuen egun berean hain zuzen, Baztango herrietako alkateok, Almandozkoak izan ezin, iragarri genuen azaroaren 20an herri galdeketak eginen genituela herritarren iritzia jasotzeko, bakoitzak bere herrian, ordenantzek ahalbidetzen duten gisan. Alkateok buru belarri lotu gintzaizkion antolaketari. Boto-paperak enkargatu, informazioa banatu, boto-ontziak lortu... Dena normaltasun demokratikoz zihoan azaroaren 10era artio. Azaroaren 10ean baina, Guardia Zibilak kuartelera konbokatu egin gintuen eta, gure harridurarako, galdeketa ezin genuela egin zioen errekerimendua komunikatu ziguten Gobernuak Nafarroan duen Delegaziotik.

Arratsalde hartan bertan jakin genuen Navarra Sumako parlamentaria den Isabel Olabek galdeketen inguruko galdera erregistratua zuela Parlamentuan, ordenantzek ahalbidetzen dutena zalantzan jartzen. Diotenaren arabera, kasualitateak ez dira existitzen eta pentsatzekoa da debekuaren jatorria Olaberen iniziatiban datzala. Hortaz gure eskerrik ironikoenak helarazi nahi dizkiogu Olaberi, baztandarren ahotsa eta iritzia isilarazten saiatzeagatik hain zuzen ere.

Gaur, Baztango herrietako hamalau alkateok bilduta, adierazi nahi dugu arras larritzat jotzen dugula galdeketen debekua eta sekulako bidegabekeria iruditzen zaigula herritarren iritzi hutsa jasotzeko aukera kendu izana. Zer kalte egin dezake herritarren iritzia ezagutzeak? Zertaz ez digute Baztango herritarroi iritzia ematen uzten? Zertarako balio dute Baztango ordenantzek? Non daude baztandarron eskubideak?

Debeku honek eta lehen izandakoek Erdizeko afera gainditu dute. Dagoeneko eztabaida ez da harrobia bai ala ez. Hemen benetako parte-hartzeaz eta demokraziaz ari gara solastatzen.

Horregatik, herrietako batzarreak demokraziaren sinbolotzat hartuta, hurrengo azaroaren 20an batzarrak deituko ditugu herri guztietan eta, egun berean arratsaldean, elkarretaratzea antolatuko dugu Elizondon.

Gertatutako bidegabekeria salatzeko, herritarrak animatu nahi ditugu batzarretan eta elkarretaratzean parte hartzeko. Iritzia ematean ez baita deliturik!"

Bestalde, gaurko egunez, azaroaren 15an, jakin dugu duela 3 urte  Palacio de Arozteguia S.L. enpresak, Garbiñe Elizegi eta Joseba Otonodren aurka, prebarikazioa salatuz jarri zuen salaketa behin behinean artxibatu egim duela epaileak, epaiketak airtzinerat segitzeko arrazoirik ez baitu ikusi.

Jarraian, Erranek, Joseba Otondorekin egindako elkarrizketa argitaratu du eta guk esteka pasatzen dizuegu zuen interesekoa izango delakoan.