Urtero moduan, abenduaren 31n, presoen aldeko kontzentrazioa eginen da Elizondoko plazan, arratsaldeko 20.00etan.
Bestalde, urtarrilaren 7an, Sarek eta Bake Bidea/Bakegileak erakundeek antolatuta, presoen aldeko manifestazio nazionala eginen da Bilbon, arratsaldeko 17:00etan hasita, La Casillatik Zabalbururaino. Baztandik autobusean joan nahi duenak Zubi Puntan edo Intzan eman beharko du izena; horretarako azken eguna urtarrilaren 5a izanen da. 10 eurotako fidantza eskatuko da eta irteera 14:15etan izanen da Baztanesan.
Azkenekoz 2020. urtean antolatu zuen Sarek Bilbon urteroko manifestazio jendetsua. Osasun krisialdiaren eraginez, azken bi urteotan herrietara eraman du aldarria. 2023. urte hasieran ordea, berriz ere Bilbora joateko deia egin du Sarek Bake Bidea/Bakegileakekin batera. "Etxera bidea gertu" aldarripean antolatu duten manifestazioa.
Antolatzaileek adierazi dutenez, presoen alorrean "asko dira lortu gabe dauden helburuak, eta horien konponbidea euskal gehiengo politiko eta sindikalen bultzadaren esku dago, baina baita, funtsean, jendartearen mobilizazioaren menpe ere".
Halere, aurrera egitea lortu dugula diote: "Gaur, euskal presoengan eta haien familiengan hamarkada luzeetan pairatutako eskubide urraketetako bati amaiera emateko atarian gaude: urruntze-politikaren amaieran, alegia".
Gogorarazi nahi izan dute19 preso daudela oraindik urrunduta: "Euskal presoengan eta haien familiengan hamarkadatan tematu den eskubide urraketetako bati amaiera emateko atarian gaude hego Euskal Herrian, Ipar Euskal Herrian berriz, Ion Parot eta Jakesen baldintzapeko askatasunarekin, etapa berri baten perspektiban sartu da. Aintzina egin dugu, eta aintzina egiten segitu behar dugu, etxeratze prozesua bere amaiera ereman arte".
Beraz, urtarrilaren 7an, eta aurrerantzean, "gure ahalegin guztiak egingo ditugu espetxe-politika arrunta aplika dadin, eta behin betikoz, orain arte aplikatu izan den salbuespen egoera amai dadin".
Bukatzeko, Frantzian ala Espainian presio-taldeak ditugula parean gogoratu dute antolatzaileek: "Konfrontazioa eta sufrimendua betikotzeko interes handia dutenak ditugu parean. Horietako bat da Espainiako Auzitegi Nazionala, izan ere, Ministerio fiskalaren bidez, etengabe blokeatzen baitu preso horien etxeratzeko bideari hasiera ematea. Urte luzeko zigorren ondorioz, zenbaitetan, 30 urtetik gorakoak, beteta batzuen kasua. Ez dugu behar izanik inorekin gatazkan aritzeko, baina argi dugu, eskubide urraketa horiek jarraitzen duten bitartean ez garela geldirik egongo."