ZILBETIKO HARROBIKO OBREN KONTRA


Egun hauetan protestak izan dire Zilbetiko harrobiaren harira.
Hemen duzue Aldude Mendi Koordinakundeak eta Erdiz Bizirikek plazaratu duten idatzia eta horri buruzko berria.



NAFAR MENDIALDEA, AZKEN KOLONIA

ERROIBAR ETA BAZTAN, HARROBIEN ZULOAN



Erroibar zein Baztanek hiru mehatxu larri dituzte egun, euren ingurua eta etorkizuna kolokan jartzen dituzten mehatxuak. Gure herrietan, eta euren egitura ekonomiko, sozial eta kulturalean, inongo errorik ez duten enpresek, ingurugiroa suntsitu nahi dute baliabide ez-berriztagarri bat ustiatzearren. Mehatxuok azken hamarkadetan mendialdearen despopulatze eta txirotzea sustatu duen Nafar Gobernuaren babes eta onespenarekin egiten ari dira.
Mehatxu hauetariko bat Zilbetin egin nahi den harrobia da, europar legediak babestutako pagadi ederrean, Magnesitas de Navarra enpresak bultzatu duen proiektua. Proiektua auzitegian dago SEO.Birdlife-k eta Monte Alduide Koordinadorak aurkeztutako helegiteen onarpenaren ostean.
Abenduak 24ean Zilbetiko Kontzejuak bizilagunei Magna enpresak hurrengo hamar egunetan burutuko zituen ekintzen berri eman zien: zuhaitzak bota, pistak eraiki eta 800 tona material atera. Baimenak dituztela erran badute ere ez dituzte erakutsi eskatu zaizkienean.
Bertze bi mehatxuak beste bi harrobi dira: bata Erdizekoa, Baztanen (belardi komunala), hau ere Magnak bultzatuta, eta bertzea silizea eskuratzeko Auzperrin. Hirurak Red Natura 2000 sareko ZEC berean kokatzen dira, europar babespen bereziko eremuan.
Gaur eta hemen Monte Alduide Koordinadorak, eta Erdiz Bizirik Plataformak  ekintza hauek guztiak salatu nahi ditugu, proiektu hauek gure sare ekonomiko eta sozialaren suntsiketa bultzatuko dutela uste baitugu. Hemendik aitzina bat eginen dugu, suntsiketa ero hau geldiarazteko, eta baliabideen ustiapen jasangarri, partehartzaile eta arrazionalean oinarrituta, gure bailarendako etorkizuna eraikitzeko.
Orain bi urte herrietako ordezkariei horrela solastu zitzaien orduko Nafar lehendakaria zen Miguel Sanz: “ honetan parte hartzen  ez baduzue, ez duzue ezer edukiko”. Erroibarko ordezkariek burua makurtu egin zuten. Eta irudi duenez, gauzek aldatzeko itxura handirik ez dute.
Harrobiak agortuko dira eta enpresen interesak mugitu eginen dira. Ordainetan geldituko zaiguna inguruari kalte itzulezina eta gure egitura ekonomiko eta sozialaren eztanda izanen da.
Enpleguaren garrantzia azpimarratzen digutenak, lan erreforma gogor eta zitalak onartu, zerbitzu publikoak ezabatu, eta diru publikoa interes pribatu ustelduen menpean jartzen duten berberak dira. Munduan krisia dago, euren garapen ereduaren mugak begi-bistan utziz, eta gurean ere eragina du. Gure bailarak, mendialdeko bertzeak bezala, baztertuak izan dira  utzikeria lotsagabe eta sistematikoan Nafar Gobernuaren zentralismoagatik. Orain “enplegua” mantratzat harturik, nahi dutena egiteko   erabiltzen dute, baita gure altxorrik ederrena suntsitzeko ere, gure ingurugiro paregabea. Posible litzateke enplegua bertze arloetan sustatzea baino horrek ez lieke etekinik ekarriko eta ez dute hartarako asmorik erakutsi. Lehen sektorea ere  indarberritu egin behar da, bere garrantzi estategikoa eusteko.
Nafar Gobernuak arduragabetasun osoz jokatu du. Proiektu hauek Red Natura 2000–ren kontrakoak dira, eta erasoa sostengatzen ari dira. Zera exijitzen diogu: gure bailaren garapen arrazionala, aspalditik zor zaiguna, biztanleriarekiko behar den begirunea eta proiektu ilegal hauen erabateko baztertzea. Jakin badakigu ez dietela gure eskaerei erantzungo, eta euren baztertze politika eta suntsiketa proiektuekin jarraituko dutela. Horregatik antolatzen jarraituko dugu, gizarte eztabaida sustatuz eta era guztietako alternatibak eraikiz, euren arduragabetasuna salatzeari utzi gabe.

Egungo egoera ekonomiko eta sozialarekiko alternatibarik bada eta horren alde lan eginen dugu.

Zilbeti, 2011ko abenduaren 30ean.