Carmen Cariño Mixteka
jatorrizko herriko ekintzaile feminista eta nekazari mexikarra Euskal Herrirat
egiten ari den bisitaldian Baztanerat etorri zen ortziralean. Askapenaren
eskutik Mexikoko jatorrizko herrien berri emateko solasaldi desberdinak emanen ditu
ondoko egunetan, tartean, ortziral gauean Elizondon eman zuena. Mintzaldi
horietan herri indigenen automia prozesuen aurkako indarkeriaz, emakumeen
lurraldearen defentsarako borrokaz eta Triqui herriaren aurkako
bortxakeriaz mintzo da. Betiere, Elizondoko solasaldia baino lehen Baztango
udaletxean Jon Elizetxekin nekazaritza, ingurugiro eta herri-lurretako
zinegotziarekin nekazal eta landa garapenaz aritzeko aukera izan zuen.
Carmen Cariño nekazal munduaren garrantzi
estrategikoaz aritu zen eta nekazaritzak bertze garapen eta jendarte eredu
baten oinarria izan behar duela; horretarako, elikadura burujabetzaren aldeko
borroka aski garrantzitsua dela azpimarratu zuen. Modu berean, azken
hamarraldietan nekazal munduaren eta ekonomiaren aurka gobernuak harturiko
erabakietaz mintzatu zen, bereziki azpimarratuz 1992an Carlos Salinas Gortarik onartutako
konsituzioaren aldaketa eta, geroztik, herrenkadan etorri diren neurri
liberalizatzaileak. AEBekin eta Kanadarekin izenpetutako Komertzio libreko
tratatuaren ondorioak aipatu zituen eta interes transnazionalek indigenen eta
nekazarien lurrak eskuratzeko duten nahia. Modu horretan Iberdrolaren eta
Fenosaren proeiktu txikitzaileetaz ohartarazi zuen. Politika guzti horien
ondorioz landa eremuan krisia handitzen ari dela aipatu zuen, despopulazioa,
emigrazioa, desnutrizioa, osasun arazoak, transgenikoen hedapena, ezagutza
tradizionalen galera e.a. Horren aitzinean lurraldearen defentsarako borrokak
ere indartzen ari direla aipatu zuen.