ELIZONDOKO PLAZAN ERE AHT-REN SOSA KOMUNETIK BEHEITI

Mugitu Mugimenduak bultzatua, AHT-ren proiektuaren diru xahutzea salatzeko, Nafarroako zenbait herrietan sosaz beteriko komunak agertu dira. 
Nahiz eta murrizketa sozialak etengabea izan eta dirurik ez dagoela dioen leloa hamaika aldiz errepikatu, nafar gobernuak lurraldean zehar abiadura haundian tren trazaketa berria eraikitzeko tematua segitzen du. Azpiegitura hau eraikiko balitz 3.000 milioi euro baino gehiago xahutuko lituzke, guztiz defizitarioa litzateke, populazio gutxiengo batek bakar bakarrik erabiliko luke eta lurraren aurkako bertze txikizio haundia eraginen luke. Baina kontua are zentzugabeagoa da. Izan ere, nahiz eta Madrilgo gobernuak ez Zaragoza, ezta EAErekiko loturarik ez aurreikusi, nafar gobernuak Kastejon eta Arrizabalaga artean 60 km.ko AHTko tartea eraiki nahi du. Zertarako? Buruturiko ekintza politikaren bidez Sustapen Ministerioari gainerako ibilbidea egitera behartzeko. Tarte honek bakarrik 700 milioi euro baino gehiago kostatuko luke, eta gainera honi geltoki berria eta Iruñerriko trenbide buklearen desagertzearen kostua gehitu beharko litzaioke.