BILDUKO UDAL TALDEAREN SALAKETA

Prentsaurreko baten bidez Baztango BILDUko udal taldeak Diario de Noticiasen komentarioetan jasotako irainak salatu ditu, administrazioaren ardura agertzearekin batean. hauxe da bertan errandakoa:
2013ko ekainaren 11n Plazara Dantzararen agerraldiaren berria agertu zen Diario de Noticias egunkarian. Berriaren azpian komentario arras gogorrak agertu ziren non indarkeria matxista erabiltzea bultzatzen zen eta Bilduko hautetsiak iraintzen ziren, irain sexistak erabiliz. Gertakari hauen aitzinean Bilduko hiru hautetsik Fiskaltzan salaketa paratzea erabaki dugu, “jeltzale” eta “elizondarra” bezalako ezizenen gibelean ezkutatzen diren erasotzaileak agerian uzteko, gure burua defenditzeko eskubidea bermatzeko eta erasotzaileak babesten duen Diario de Noticias egunkariak, gaiarekin daraman politika salatzeko.

Bilduren ildo estrategikoetako bat gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan integrala egitea da. Ildo honen baitan, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta prebentzioa dago. Koherentzia politiko eta instituzionalaren baitan kokatzen dugu orain artio egiten aritu garena (kanpainak, hitzaldiak, berdintasun diagnosia eta plana) eta erasoen aitzinean egiten ditugun salaketak.
Hipokrisia eta arduragabekeria ikaragarria da eraso sexisten aurkako kanpainetan parte hartzea eta gero arazoa ukatzea, edo bigarren mailakoa bihurtzea. Adibidez Iruñeko Sanferminetan Alkateak eraso sexistak ez aipatzea nahiz eta kanpaina bat egin, edota Baztango Ezkerrako zinegotziek emakumeak mutildantzetara dantzara sartzen direnean plazatik desagertzea edota emakumeak diskriminatzen dituzten taldeak bultzatzea, nahiz eta gero publikoki berdintasunaren alde agertu. Honek erakusten du gaiarekin duten konpromiso falta eta itxurakeria hutsetan dabiltzala. Baztanen ez dugu horrelako hipokrisiarik nahi.
Espazio publikoetan eta diru publikoaren kudeaketan ez da bazterketarik onartzen ahal. Ez sexuarengatik, ez jatorriarengatik, ez etniarengatik, ez bakoitzaren sinesmenengatik. Legeak Administrazioari eskumena eta betebeharra ematen dio sexu-diskriminazioaren kontra lan egiteko, eta ez dugu bertze aldera begiratzen ahal. Bazterkeria sortzen duten jarduerak eta politikak ekiditea administrazioaren ardura da.
Hartutako konpromiso politikoa eta instituzionala benetakoa delako, ez dugu eraso sexistarik onartuko, hauek prebenitzeko hartu beharreko neurriak hartuko ditugu eta gertatzen direnean juridikoki, instituzionalki, sozialki eta maila guztietan salatuko ditugu.