Prentsa ohar baten bidez Plazara Dantzara ekimenak mutildantzetan emakumeen kontrako indarkeria ematen dela salatu nahi izan du. Hauxe dio prentsa oharrak:
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egun
honetan, Plazara Dantzara ekimenak, Baztango neskek, emaztekiek, andreek...
mutildantzetan parte hartu nahi izateagatik jasaten duten indarkeria salatu
nahi du. Jende aunitzen ahoan ele zuriak adituko diren egunean, gure
herrietako plazetan dantzatu nahi izateagatik jaso behar izan ditugun eraso
fisikoak, bulkaldi zakarrak, irain eta laidoak salatu nahi ditugu. Dantza
parekideei batzuk egiten dieten boikota ere salatu nahi dugu, indarkeria modu
lausoagoan gauzatzen dutelakoz.
Horrela, mutildantzetan eta bizitzako gainerako arloetan
emaztekiek jasaten dugun eta jasan izan dugun menperaketa, sexu-genero
dominazio egitura sozial baten testuinguruan ulertu beharra dago. Modu
horretan, orain artio plazako momentu nagusiak adibidez gizonezkoenak izateak,
dominazio egitura horri erantzuten dio; emaztekien menperaketan eta
bazterketan oinarrituriko egitura patriarkalaz ari gara.
Hala, guztiz itsusia eta hipokrita da emakumeenganako
indarkeria forma batzuk gaitzesten ibiltzea, eta gero, mutildantzetan, lehen
lerroan emaztekien kontrako bazterketan aitzindari izatea. Hipokresia eta
itsuskeria hori kasu eta egoera guztietan onartezina bada, hautetsi politikoen
kasuan onartezinagoa da. Eta hori guztia emakumeenganako indarkeriaren
kontrako nazioarteko gaurko egun honetan salatu nahi dugu.
Emakumeenganako indarkeriarik EZ!
Ez etxean, ez lanean,EZ MUTILDANTZETAN EZ INON!