Nolako Baztan nahi
dugu? galderari buruz gogoeta
egiteko larunbateko lan-saioan bailarako sektore eta adin desberdinetako
baztandarrek parte hartu zuten. Arizkunenea kultur etxean egindako ariketan ekarpen
interesgarriak biltzeaz gain, bailararen etorkizunari eta norabideari buruz
hausnarketak egin ziren. Alde batetik, galdera nagusiari erantzuteko bi
azpigaldera landu zituzten: lana eta aberastasuna: nondik jo Baztanen?
eta, bertzetik, herriak nola biziarazi? Halaber, Baztanen abian diren
ekimenak gogoan harturik, ekimen horiek eta balizko norabide hori bat ote datozen
edo zer gabezi dauden gogoetatu zuten. Akitzeko, tokiko garapenean eta tokiko
garapenetik eragiteko borondatearekin bailaran antolatzeko beharra ikusi zen
eta antolaketa horretarako oinarrizko irizpide batzuk ezarri ziren. Orain,
interesa dutenek taldean egindako gogoeta eta irizpideei jarraipena emanen
diete, horretarako, lehendabiziko bilera apirilaren 16an eginen dute,
Arizkunenea kultur etxean, gaueko 20:00etan.
Larunbateko lan-saioa
lehen kontraste ariketa izan zen eta bertaratu ziren 43 lagunek antolatzaileen
aurrikuspenak bete zituzten. Gogoeta ariketa parte hartzea errazteko
metodologiekin egin zen, talde ttipietan eztabaidatuz eta plenarioetan
solastatukoak aurkeztuz.