BAZTANEN GERTATUTAKO INDARKERI SEXISTA SALATU DU OSOKO BILKURAK ETA UDAL GOBERNUAK

Baztan Balleko azken Batzar Nagusian eta Osoko Bilkuran azpian ageri den adierazpena onartu dute. Horretaz gain, Udalak Iruñeko Adingabeen 1. zenbakiko Epaitegiaren aitzinean agertzea erabaki du, aipatutako gertaerengatik akusazioa egiteko. 
Adierazpenak halaxe dio hitzez hitz:
Ekainaren 13an, adin txikiko emakume baztandar batek urte eta erdian jasandako indarkeria sexista salatu zuen. Baztango Batzar Nagusiak/Udalak, herritar guztien izenean gertakari tamalgarri hau errefusatu nahi du ondorengo adierazpenarekin. 
Jakin badakigu, gertakari hau ez dela gertakari isolatu bat izan, egungo jendartean bizi ditugun sexuen arteko botere harremanen ondorio zuzena baizik. Emakumeen kontrako indarkeria , Nazio Batuen Erakundeak adierazten duen bezala, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketarik larrienetarikoa da. Ez da “berdinen arteko gatazka”, ez da emakumeen arazoa, baizik eta jendartearena oro har. Horregatik gizon-emakumeen esku hartze aktiboaren bidez konpondu beharrekoa.

Batzar Nagusi/Udal honek ez du onartzen emakumeen eskubideak bortxatzen dituen indarkeria sexistaren inolako adierazpenik ezta inolako jarrera sexistarik ere. 
Gaur egungo errealitateak erakusten digu gazteen artean indarkeria sexista badagoela eta gertakari hau adinez txikikoen artekoa izatea kezkagarria dela uste dugu.
Errealitate honen aurrean berriz ere oroitarazi nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko modu bakarra berdintasuna dela, eta horretarako emakume eta gizonen parte-hartze aktiboa ezinbestekoa da.
Horregatik, Batzar Nagusi/Udal honek, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna oinarri izango duen beste eredu sozial baten eraikuntzan aurrera egiteko hartutako konpromisoa berretsi nahi du eta hasitako bidean, emakumeen aurkako indarkeria mota oro desagerrarazteko lanean jarraituko du foru instituzioekin, jendarte eragile zein talde feministekin batera.
Bestalde, Nafarroako Adingabeen epaitegiak emandako autoarekin erabateko desadostasuna adierazi nahi dugu. Mutilak urruntze agindua dauka ekainetik eta irailean ikasturtea bi gazteek ikastetxe berean matrikulatuta hasi zuten. Egoera honetan epaileak erabaki du aldentze neurria duen salatuari lehentasuna ematea eta biktimaren gainean jarri dute urruntze aginduaren pisu guztia. 
Horregatik guztiagatik, Baztango Batzar Nagusiak/Udalak:
• Gure elkartasuna helarazten dio eraso sexista jasan duen emakumeari eta bere familiari.
• Edozien motatako indarkeri sexista, agerian dagoena eta ikusten ez dena, errefusatzen du 
• Konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko.
• Nafarroako Adingabeen epaitegiak hartutako erabakiaren inguruko desadostasuna adierazi nahi du.
• Gonbitea egiten die herritar guztiei, konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista 
errefusatzeko ere.
Baztanen 2014ko urriaren 1ean.