DIARIO DE NOTICIASEN AGERTUTAKO BERRI BATI ERANTZUN DIO BAZTANGO UDALAK

Baztango udal Gobernuak UPNren desakreditazio saiakerari eta Lander Santamariak idatzitako artikulu manipulatzaileari erantzun dio prentsa ohar baten bidez. Halaxe dio oharrak:

2015eko urtarrilaren 5ean Diario de Noticiasen argitaratutako berriaren aitzinean, Baztango Udal gobernuko taldeak honako hauek argitu nahi ditu:

-Baztango Batzar nagusiak ez du inolako handitzerik baimendu eta ez ditu horrelako obra baimenik ematen. Berriaren titularra eta edukia gezurrez eta intereseko manipulazioz betea dago.

-Urtarrilaren 2an ikusi zen kasuan eskaera bat tramitatzen ari da eta ez da inolako baimenik gabeko obrarik hasi. Tramitearen lehendabiziko pausoa, urtarrilaren 2ko batzar Nagusian onartu zena, lurraren okupazioa da. Hori baino lehen bateragarritasun urbanistikoko txosten bat egin zen, bertze kasuetan egiten den bezala. Kasu hau Kintoko Mankomunitateak kudeatzen duen lurraren barnean dago (Baztango eta Erroko Udalek osatzen dutena) eta honek oniritzia eman du. Bi Udalek beren lur eremuetan baimen urbanistikoak emateko eskumena dute eta kasu hontan Baztani dagokio. Herri lurrean okupatzeko baimena eskuratu ondotik, eta obra baimena eskatu baino lehen, Nafarroako Gobernuak jarduera baimentzeko espreski emandako ebazpena beharko du eskatzaileak, lur ez-urbanizagarrian egoteagatik.

-UPNk egiten duen konparaketak datu garrantzitsu bat uzten du kanpo, Iruritako kasuak ez zuen, ez Udaleko ezta Nafarroako Gobernuko baimenik ere. Horregatik abiatu zen zehapen espedientea, eraikinaren eraispen eta errealitate fisikoaren berritzearekin akitu zena, gaur egungo legeak hala eskatzen du eta. Gainera, UPNk kasu hontan proposatu zuena zen lurra berkalifikatzea egoera ilegal bat legalizatzeko. Hau da, legezko estaldura bat egitea gaur egungo legeak espreski debekatzen duen arau hauste urbanistiko batendako. Laburtuz, UPNk Udal Gobernuari PREBARIKATZEA eskatzen zion. Kintoko kasuan berriz, hasitako prozedurak ez du arau bakar bat bera ere hausten.

-Laburbilduz, UPNren aldetik gobernu honen desakreditazioaren saiakera desesperatu baten aitzinean gaude, gezurrak erabiliz eta berriaren idazlariaren konplizitate manipulatzailearekin. UPNk prebarikatzea eta tranpak egitea proposatzen du arauak hausten dituztenendako, gobernu honek kontrakoa egin nahi duelarik. Gardentasunez gobernatzea posible dela erakusten ari gara eta araudia betez. Urteetan ustelkeria eta klientelismoari esker gobernatu du UPNk eta erregimena erortzen ari dela ikusten duelarik bere bide bakarra “denok egiten ditugu tranpak” erratea da. Azeriak buztana luze, berak bezala bertzeek ere hala dutela uste!