NOLAKO BESTAK NAHI DITUGU? Erabaki dezagun behingoz!!

Plazara Dantzara herri ekimenak aste hontan hasiko diren eta uda osoan izanen diren bestak bazterketarik gabekoak, parekideak, anitzak eta alaiak izan daitezela eskatu du prentsa ohar baten bidez:

Hasi dira gure herrietako bestak eta berriz ere herri guzia elkartuko da plazetan, karriketan, ostatuetan, dantzaldietan… bestan azken finean. Urtea hausten duten bestek elkartzen gaituzte herrian, elkarrekin gozatzeko. Zer da ba besta, hori baino? Nola daiteke besta, denendako ez bada? Herritar guziendako ez bada?
Dantzak ditugu gure kulturaren ezaugarri garrantzitsuenetakoa eta ongi pasatzeko ezinbertzeko. Jendartearen ispilu eta bozgorailu izaten da, eta Euskal Herriko txoko guzietan bezala,  baztandarrek ere horrela erakusten dugu gure burua Baztanen eta munduan. Baztan dantzaria da.
Ez gara aspertuko tradizioak maite ditugula errateaz, tradizio eta ohiturak mantendu nahi ditugula, eta ez gara aspertuko errateaz etengabeko aldaketekin maite ditugula gure tradizioak eta gure jendartea. Aldaketek biziraupena bermatzearen aldekoak izan behar dute, etorkizuna eduki nahi badute. Tradizioek irautea nahi badugu, aldaketa ezinbertzekoa da. Aldaketa baita aldaezina den gauza bakarra.
Mutildantzen biziraupena nahi dugu, mutildantzak aldaketa horien lekukoa izan daitezela nahi dugu. Denen artean erabakitzen dugu gure herriko plazetan nolako aldaketak eman nahi ditugun: bazterketaren aitzinean isiltasun konplizea edo salaketa? Plaza parekide eta anitzak bulkatu, edo indarkeria sexistaren oinarri diren zapalketa baztertzaileekin segitu? Bazterketa edo elkartasuna? Aniztasuna edo elitismoa? Zein da baztandarrek ispilurat begiratzen dugularik  ikusi nahi dugun irudia?
Plazara Dantzaran argi dugu galdera hauek erantzun bakarra dutela, eta urtero bezala plazak eta bestak parekideak, anitzak, beteak eta alaiak nahi ditugula, nork ez? Herritarren hanka tarterat begiratu gabe, aske dantzatzeko oztoporik ez duten plazak eta bestak nahi ditugu. Dantzan gozatzeko plazak, epaiketa publikorik gabeko plazak, denendako plazak.
Dantzatzeko tenorea da, erabakitzeko tenorea da eta ispiluan begiratzeko tenorea da! Goza ditzagun gure herrietako bestak, munduari eta gure buruari besta parekideak maite ditugula erakutsiz.