KOMANTXEEK EGINDAKO ESCRACHEARI BURUZKO GAITZESPENA EZ DU BABESTU EH BILDUK

Atzo 2017ko uztailaren 22an Baztango Udaleko osoko bilkuran Geroa Baik aurkeztutako mozioari buruzko prentsa oharra kaleratu du EH Bilduk:

Virginia Aleman parlamentariak eta Ruben Ziganda zinegotziak jasandako eskratxea gaitzesteko Geroa Baik aurkeztutako mozioari buruz EH Bilduk segidan heldu dena erran nahi du:

- Aipagarria da lehendabiziko aldia izatea Geroa Bai Aroztegiarengatik pertsonalki ondorioak jasaten ari diren jendeei buruz kezkatzea. Zeren orain artio bai aitzineko alkatea bai oraingoa ere eta bertze sei baztandar -horien kasuan prentsaurrekoa emateagatik- salaketa eta jazarpen judiziala bizi izan baitute. Eta kasu guzti horietan Geroa Baik ez du gaitzespenik, salaketik edo elkartasunik agertu.

- Eskratxea kargu publiko baten jokatzeko moduarekin kritikoak diren herritarrak era baketsu eta zalapartarian bere etxearen aitzinean elkartzea da. Eta hau Baztanen maiz pasatu da. Horren adibidea da Ikastolaren garaian orduko alkate eta zinegotzi batzuen etxearen aitzinean egiten ziren herritarren elkarretaratze baketsu eta kantuz beteak. Azkeneko aldian gainera horrelako protesta formak etxe kaleratzeak salatzeko, negoziazio kolektiboak aldarrikatzeko eta gisako bertze eskakizunetarako han-hemen, alde guztietan, hedatu dira.

- Gertakari zehatz honi buruz ari garela, Nafarroako Gobernuak Baztanen alimaleko eztabaida piztu duen Aroztegiako proiektuaren aitzinean hartu duen inposiziorako jarrera aipatu behar da. Inposizio horrekin Baztango Udalaren eta Batzar Nagusiaren hirigintza eta herrilurren konpetentziak saihestu nahi ditu, baztandarren gainetik pasatuz. Nafarroako Gobernuak Aroztegiako gatazka demokratikoki konpontzeko eta Baztango konpetentziak errespetatzeko ez du bat ere borondaterik erakutsi. Eta guttiago kaltetutako herritarrei erabakitzeko eskubidea aitortzeko. Egoera horretan baztandarrek duten bakarra adierazpen askatasun da eta, orain, hori ere mugatu nahi dute.

- Aipatu eskratxeak ez zuen inorendako bortizkeriarik ekarri. Elkarretaratze hutsa izan zen. Jasan zuen pertsonarendako seguru aski ez zen goxoa izanen, baina zalantzarik gabe adierazpen askatasunaren barnean kokatu beharra dago. Hala, bereziki nabarmendu behar da adierazpen askatasuna eta herritarrek duten erabakitzeko eskubidea, bere burua demokratikotzat duen jendartean oinarrizko balioak direla.

- Horregatik Baztango EH Bilduk ez du Geroa Bairen mozioa babestu eta abstentziorat jo du.

- Akitzeko Aroztegiako Udalez Gaindiko Eragina duen Planak edo PSISak sortu duen gatazka sozialari konponbide demokratikoa emateko eskaera egiten diogu Nafarroako Gobernuari. Halaber Baztango erakundeak eta eskumenak errespetatu ditzala, eta lekaroztarrek edo hala ez bada baztandarrek guzti honi buruz erabakitzeko aukera izan dezaten horretarako behar diren bitarteko guztiak paratu ditzala.