Arras Baztan
Fundazioak (zeinean Baztango 60 eragile
ekonomiko baino gehiago biltzen diren, direla ekoizleak, artisauak,
merkatariak, zerbitzuak, ostalariak, alojamendu turistikoak ….), konpromiso
ttikien kanpaina aurkeztu berri du, eguneroko hautu kontzientearen bidez tokiko
ekonomia indartzea helburu hartuta.
Horretarako, bortz
arlotako ekintza zehatzak pentsatu dituzte, hondakinak, energia, ura, elikadura
eta euskararen inguruan, hain zuzen. Hauexek lirateke
pentsatuak dituzten ekintza zehatzak:
- Hondakinetan, organikoa bereizteko konpromisoa hartzea eta horren enbaxadore izatea.
- Energian, norberaren lantegian LED argiak paratzea eta ahal dela berrerabilgarriak izatea.
- Urari dagokionez, bakoitzaren jardueratik plastikozko ur-botilak kentzea edo ostatuen eta saltokien kasuan, plastikozkoak baztertu gabe kristalezkoak ere eskaintzea.
- Elikaduran Baztango esnea erabiltzen duten markak kontsumitzea (Jauregia, Kaiku eta Lacturale).
- Euskara arloan, ordainagiri, faktura eta tiketak euskaraz ere egotea.
Beraz, konpromiso
txikiak hartzeko deia egiten zaie herritarrei, bakoitzak bere esparrutik
konpromiso txikiak har ditzan eta konpromiso txiki horien bitartez erronka
handiak lor daitezkeelakoan.
Erronka handiak
zati txikitan hartu behar izaten dira, apurka-apurka gure asmoak betetzen
joateko. Erronka handiak erronka txikitan zatituta, errazago gaindituko ditugu,
batera arituz.