Urte berria hasi
den honetan, Aroztegia eta gero zer? Plataformatik Aroztegiako pelotazo
urbanistikoaren inguruko egoeraren berri emateko eskuorri bat zabaltzea erabaki
dute. Herritarrekin informazioa partekatu bitartean, Lekarozko herriari, eta Baztan
osoari proiektu urbanistiko espekulatzaile honekin eragin nahi den kalteaz
oroitarazi nahi dute.
Jarraian dituzue eskuorriaren edukiak:
Aroztegiako
pelotazo urbanistikoa egiteko, ez-urbanizagarri ziren 40 hektarea lurra
urbanizagarri bihurtu zuten. Hori egin ondotik, Lekarozen, 340 inguru
biztanleko herrian, luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza eraiki nahi
dituzte.
Proiektu hau UGPS
(Udalez Gaindiko Plan Sektoriala) bitartez inposatu zen. Modu honetan herriko
nekazariei beren lurrak kenduz, herri lurrak bereganatuz eta Lekarozko
herriarena izan den ermita, baimenik gabe proiektuan sartuz. Hau dena egiteko,
Baztango instituzioen erabakitzeko ahalmenaren gainetik pasatu dira, nahiz eta
Baztango Batzar Nagusiak, Baztango Udal Gobernuak, Lekarozko herriak eta Baztan
osoak herri galdeketaren bitarteaz argi eta garbi erran duen proiektu honen aurka
dagoela, behin baino gehiagotan gainera.
Hainbat alditan
erran dugun bezala, proiektu honek Baztango egitura sozioekonomikoa hankaz
goiti paratuko luke. Horrelako proiektu urbanistikoak euskararen arnasguneetan
eragiten duen kaltea nabarmena izaten da.
Baztandarrek
prozesu parte hartzaile baten bitartez onartutako Hirigintza Planarekin erabat
hausten du. Lekarozen dagoen uraren arazoa larriagotuko luke. Zer erranik ez,
proposatzen diren lanpostuen izaera prekario eta behin-behinekoa.
Palacio de
Arozteguia, S.Lren gibelean, alde batetik, Inmobiliaria Caixa Galicia dago
(Partizipazioaren %51rekin), banku hau, herritarrenak ziren 9.000 milioi
eurorekin erreskatatutako bankua izanik. Bertze aldetik, Salvador Urbistondo Arotzarena,
Arotzarena Marin anaiak (SICAVen jabe eta iruzur fiskalagatik kondenatuak hauen
artean) eta Eduardo Zubikoa Viela, bertzeak bertze. Hauek berak, La Olivan
(Fuerteventura) eta Arrollalekun (Erratzu-Baztan), antzeko pelotazo urbanistikoak
egin zituzten eta toki babestua zena porlanezko hilerri bihurtu dute gaur egun.
Hori egin ondotik enpresak desegin eta ardura guztiak bertzeengan utziz
“desagertu” dira.
Gaur egun, obrak
hasi behar dituztela erranagatik, hainbat auzi daude konpontzeko. Berriki
Baztango Udalak Lekarozko herriaren eskariz ermitaren jabetzaren inguruko auzia
irabazi du. Epaitegiak argi eta garbi erran du enpresak ermita proiektuan berea
balitz bezala paratu badu ere, ez duela frogatu berea denik. Obren esleipenean
ere, LAB sindikatuak prozedura horren kontra paratutako helegitea irabazi du,
esleipen horrek kontratuen legea betetzen ez duela erakutsiz. Azkenik,
Hotelaren obren proiektuak Nafarroako Ondasun departamentuko Principe de
Vianaren kontrako txostena du. Beraz, ez du araudia betetzen. Bide luze honetan
behin eta berriz ikusten ari gara promotoreek lege eta araudiak bete gabe ere, inpunitate
osoz egiten dutela aitzinerat.
Azkeneko jokaldia Hilton
Hotel katearen babesa lortu dutela izan da. Gauza positibo bezala saldu nahi
digute, bertze diru gose aseezina duen multinazional baten mesedetarat jarri
nahi gaituzten bitartean. Hilton Hotel kate estatubatuarrak berriki hainbat
salaketa jaso ditu AEBetako epaitegi ezberdinetan. Alde batetik, haurdun dauden
langileen eskubideak ez errespetatzeagatik. Bertze aldetik, 13 emakumek sexu
trafikoarekin etekinak ateratzeagatik akusatu dute hotel kate hau, horien
artean batzuk adingabeak dira. Eta guk sinesten ditugu! Hau al da ¨bertako
emakumeendako¨ eskaini nahi dizkiguten lanpostuak?
Hau dena guti
balitz, 2018. urtera artio Hilton hotelen kateko akziodun garrantzitsuenetako
bat, Blackstone Group multinazionala izan da. Donald Trumpen kanpainak
babesteagatik eta Amazoniako deforestazioan izaten ari den arduragatik ezaguna.
Nazio Batuetako Negozio eta Giza Eskubideen txostenak egiten dituztenak,
multinazional hau alokairuak neurrigabean igotzeagatik eta etxe-gabetze
bortitzak aitzinerat eramateagatik ere salatu dute.
Beraz, Baztan
espekulazio iturri eta aberats guti batzuendako parke tematiko bihurtu nahi
duten horien aitzinean, guk herritarren Baztan defenditzen segituko dugu. Gure
herria, gure hizkuntza, gure lurra eta gure erabakitzeko eskubidea defendituko
dugu. Testuinguru honetan kapitala edo bizitza aukeratzeko momentua da, guk
bizitza aukeratzen dugu. Hortaz, herritar guztiak deitzen ditugu hurrengo
hilabeteetan proiektu honen kontra burutuko diren ekintzetan parte hartzerat.