Alkateek Erdizen inguruko galdeketa deitu dute azaroaren 20an




Urriaren 23an Erdizko proiektuari buruzko herri galdeketa deitua zuen Batzar Nagusiak, zeina Espainiako Gobernuak bertan behera uztera behartu zuen. Inposizio ez demokratiko honi erantzunez, Baztango alkateek -Almandozkoa salbu, beste guztiek-, bailarako ordenantzak horretarako eskaintzen dien eskumena baliatuz, galdeketa beren esku hartzea erabaki dute, eta horrela, azaroaren 20ean, herriz herri hautetsontziak zabalik izanen dira, herritarrek Erdizen inguruan duten iritzia argi eta garbi azal dezaten. Helburua «herritarren hitza aditzea dela» azpimarratu dute alkateek eta «alde nahiz kontra», iritzia ematera animatu dituzte baztandarrak. Almandoz izanen da parte hartuko ez duen herri bakarra.

Herriz herriko galdeketaren zergatia argudiatzeko orduan, galdera nagusi bati erantzun nahi izan diote: «Nola da posible gure etxean, gure iritzia jakin gabe, erabakiak hartu ahal izatea? Geuk ere badugu zer erran». Herri galdeketan herritarrek -bai, ez edo zuriz- erantzun beharreko galdera ondokoa izanen da: «Erdizko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?».

Alkateek herritarren hitza aditua izan dadin nahi dute beraz, «aukeratzeko eskubidea bermatzea gure betebeharra dela uste baitugu. Gainera, Nafarroako Gobernuari UGEParen eskaerari erantzunik eman baino lehen, baztandarren iritzia» entzun dezala eskatu diote. 

Alkateek adierazi dutenez, herri bakoitzak egokien ikusten duen bezala antolatuko du bozkatzeko ordutegia.