Elkarretaratzea energia publifikatzeko aldarrikatuz




Baztango Talde Ekosozialak elkarretaratzea eginen du otsailaren 10ean, Elizondoko plazan, arratsaldeko 19:30ean, "Ebasketarekin akitu, energia-enpresak publifikatu" lemapea. Jarraian duzue taldeak igorri duen testua gaiaren inguruko azalpenak emanez:

"Gure antolakuntza sozial eta ekonomikoa giza-gorputza balitz, odola energia-jarioa litzateke.

Gelditu gabeko energiaren jarioak mugiarazten ditu gizartea iraunarazteko beharrezkoak diren prozesu sozial eta produktiboak.

Elikadura, etxea, berokia, ura, garraioa… ekoizpen eta zerbitzu prozesu konplexuak dira gurea bezalako jendarte garaikideetan, eta bitartekoturik heldu zaizkigu; herritar arruntek, normalki, jatorrizko lehengaiak ez ditugu ez ukitu ezta eraldatzen ere, produktu edo zerbitzu bezala eskuratzen ditugu, merkantzia gisa.

Merkantziaren gaineko gogoeta bertze aldi baterako utzirik, gure antolamendu sozial eta ekonomikorako hain beharrezkoa den energia-jarioaz bi gogoeta egitea beharrezkoa da:

Alde batetik, gure antolamendu ekonomikoaren ezaugarria da bizitzeko beharrezkoak diren gauza guztiekin negozioa egiten duela, eta irabazien nahiak mugiarazten duela. Horretarako, produzitzeko eta zerbitzuak sortzeko oinarrizko baliabideak esku pribatuetan daude eta, herritarren beharrekin negozioa egiten da, herritarren kontura. Aunitzek erran izan dute hori dela modurik eraginkorrena edo efizienteena: oinarrizko baliabideak esku pribatuetan utzi eta merkatuaren bidez –lehia bizian- jendeen beharrak asetu. Urte alde bat pasatu da ohartzeko hori ez dela horrela. Antolakuntza horrek gutti batzuen aberastea ekartzen du, gehiengoaren kontura. Argi eta garbi, haien luxua gure fakturen kontura.

Horregatik, itsusia eta onargaitza da energiarekin momentu honetan gertatzen ari dena: elektrizitate-, gas- eta petrolio-enpresa handien irabaziak nola ari diren handitzen, modu lotsagarrian, herritarren bizkar.

Horren aitzinean ekonomiaren sektore estrategiko guztiak publifikatzea aldarrikatu behar da. Energiaren sektore osotik hasita. Planifikazio demokratikoaren bidez herritarren kontura ez aberasteko.

Bertze aldetik, gure antolamendu sozial eta ekonomikoan nagusi diren energiaren formak ez dira berriztagarriak. Kopuru mugatuan daude, bereziki erregai fosilak, petrolioa eta gasa bezala. Modu berean, berriztagarriak izaten ahal diren energia-formetan erregai fosilak behar izaten dira maiz, edo gure planetan gutti diren mineral bereziak. Horrek erran nahi du eskura dugun energia mugatua dela. Baina gure antolamendu sozial eta ekonomikoa gelditu gabeko hazkundean oinarritzen da.

Orain artio hori bi modutara kudeatu izan da. Bertze herrialde eta herrien kontura edo ondoko belaunaldien kontura.

Horrela, munduko bertze herrialde eta herriak azpiratuz eta mendean hartuz beraien ondasunetaz baliatu izan gara, gobernu demokratikoak deseginez, gerrak piztuz, ekonomikoki gerorik gabe utziz… Edo ondoko belaunaldiei, gure ondotik etorriko direnei beharrezkoak izaten ahal zituzten lehengai eta baliabideak kenduz eta hondatutako ingurunea ordainetan utziz.

Horren aitzinean, beharrezkoa da mundu mailako antolamendu sozial eta ekonomikoa bidezkoa izatea; horretarako, erdiguneko herrialdeek guttiagora etorri beharko dute, betiere, jana, etxea, lana, berokia… denei bermatuz. Baina gehiegikeria eta espantukeriarik gabe. Aberatsak ez dira onartzen ahal, eta herritar arrunten ohitura eta gehiegikeria batzuk ere ez. Toki batzuetan guttitu beharko da, munduko bertze tokietan gehiago izan dezaten, guttienekora ailegatzeko. Aberatsak ez dira jasangarriak.

Horrela, hori guztia salatzeko elkarretaratzea eginen dugu Elizondon, otsailaren 10ean, atsaldeko 19:30ean. Aldarrikapena hauxe izanen da: ebasketarekin akitu, energia-enpresak publifikatu!

Ekimen horrekin bat egin nahi dugu krisi sozial eta ekologiko honi bidezko konponbidea emateko Hego Euskal Herrian antolatzen ari den Jauziari. Mugimendu honek Euskal Herriko indarrak piztu eta antolatu nahi ditu krisi sozial eta ekologiko basati honi erantzuna emateko. Aldarrikapen laukoitzarekin: energia pobreziarekin akitu, energia publifikatu, erregai fosilak baztertu eta luxua mugatu".