Bertze 17 kaleratze Marmoles del Baztan lantegian



Oronoz-Mugaireko Marmoles del Baztan S.A enpresak bertze 17 langile kaleratzeko asmoa azaldu du. Bere garai onenean 50 langile izan zituen enpresa honek Baztango industria arloko enpresa zaharrena eta handiena izan da.
Eraikuntza sektorearentzako urte onak izan direnean aunitz produzitu da, langileak ordu extra aunitz sartuz eta lan zama astunak eramanez. Honek guztiak enpresarendako dirutza handia suposatu du. Krisia sektorera ailegatu orduko enpresak neurriak hartu zituen, lehenik 7 langile kaleratuz 2009ko urtarrilean. Bortz hilabete lehenago ordu extra aunitz sartu izan ziren.

2009ko urtea urte ona izan zen produkzio aldetik, enpresak berak onartu zuenez. 2010ean etorri ziren albiste beltzak. Martxoan lana apaltzen hasi zenean enpresak kaleratzeak proposatu zituen baina langileek bertzelako neurrien alde egin zuten. Gestio arazo aunitz ikusten zituzten konpontzeke. Bilera aunitzen ondotik enpresak ERE bat ezarri zuen ekainean, kontratuak urte betez 100 egunetarako suspenditzen zituena. Langillek bitartean enpresari bere gestio arazoak konpontzeko eskatu zioten: marmolarekin lotura duen bertze lan mota bat egiteko aukera, bezeroei bidalitako materialaren kalitate falta, gestio komertzial txarra...
Enpresak arazo horiek konpontzeko konpromezua hartu zuen eta urte batez langilerik ez zuela kanporatuko idatziz adostu zuen. ERE-ak iraun duen 4 hilabete hauetan enpresak ez ditu bere konpromezuak bete eta 17 kaleratzeekin espediente berri bat aurkeztu du. Bere gestio arazoak konpondu ordez hartu duen neurri bakarra 17 langile kaleratzea izan da. Langileek arazo guzi hauek zuzenduko dituen konponbide justu bat eskatzen dute.  Honen aintzinean Marmoles del Baztan-go langileak greba mugagabea egin eta mobilizazioak hasi dituzte enpresak konponbide justu bat langileekin adostu arte eta kaleratzeen mehatxua gibelerat botatzen duen arte.
Gauzak hola, 300 bat lagun bildu ziren Elizondon egindako manifestazioan, ordezkari sindikal, sozial eta herritarrez lagunduta. Lelo nagusiak Despidorik ez eta Baztanek bizi behar du izan ziren.