EUSKARA ETA KAXUBIERA, BI HIZKUNTZA GUTXITUEN HANDITASUNAREN ERAKUSGARRI

Nafarroa Oinezaren baitan Txikiak Handi hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzen duen egitasmoa jorratzen dute urtero (ttikiak bai, baina ez eskaxak). Aurten Kaxubiarrekin elkarlanean ari dira Baztango ikastolakoak. Kaxubia Poloniako iparraldean dago, Baltiko itsasoaren kostaldean, eta kaxubiarrak 240.000 inguru dira. Haien ama hizkuntzaren egoera kaxkarra da eta euskarak azken hamarkada hauetan egindako bidea dute oinarri berreskuratze prozesuan.


Polonian lanean ari den Maialen Sobrino baztandarraren bidez Kaxubiarrei buruz jakin dute: Kaxubiarrak arras mugituak dira, beraien hizkuntza eta kulturaren defendatzaile sutsuak. 

Gdansk izena duen hirian irratia dute, kaxubieraz lan egiten duen komunikabide bakarra, baina indartsua. Irrati horretako arduradunak, hain zuzen ere, Baztanen izanen dira martxoaren 30ean:  Goizean harrera eginen diete eta arratsaldean lehen urratseko lehen klasea jasoko dute Suinki Euskaltegian, euskarazko lehen solasak ikasteko.