ATZO OMENALDIA ETA DANTZAK IZAN ZIREN BERROETAN


Atzo Berroetan Jo ala Jo elkarteak antolatua, dantzekin omendu zituzten Maurizio Elizalde eta Mariano Izeta:

Maiatzaren hiru honetan Berroetan biltzen gara gurea dugun jendea eta gureak ditugun dantzak gogora ekartzeko. Denok dakizuen bezala gure kultur oinordetzan Maurizio eta Mariano bi gizon haundi izan dira. Biek Baztango folkloreari ekarpen aberasgarria egin diote eta hauen jarraipena bermatu dute neurri ederrean. Aurten ehun urte betetzen dira sortu zirenetik, horregatik ekartzen ditugu gogora. Urtean zehar ekintza desberdinak eginen ditugu ildo honetatik, haiei esker ona eman eta folklorea garatzeko. Buruilean dantza berriak aurkeztuko ditugu doinu eta dantza urrats zaharrekin, baztango dantzak sortu zireneko mekanismoa berriz erabiliz. Gure dantzak ez daitezen museoko pieza gisa gelditu eta onbor zaharrak adar berriak eman ditzan!

Mariano eta Maurizioren garaian, fokloreak gora beherak izan zituen gure bailaran, baina haiek ez zuten sekula bazter batean utzi. Dantzen transmisioan lan gaitza egin zuten. Mendea ilusioz betez...

Haiek beharrezkoa zen lana egin zuten eta orain gurea da ardura. Haiek utzitako ondarea bizirik mantentzearen beharra daukagu. Baztandar guzion lana da honi segida ematea, gure dantzak bizitzea, gozatzea eta haiek egin zuten bezala ilusioz bustitzea. Gure kulturak herrietan arnasa har dezan Dantza Gaitezen guziok!!


Jo ala jo k.e.