BAZTANGO UDAL GOBERNUA: UDALAREN AUTONOMIAREN KONTRAKO ERASOA DA PSISAREN ONARPENA

Atzo Nafarroako Gobernuaren prentsa ohar baten bitartez Baztango Udal Gobernuak jakin izan du Nafarroako Gobernuak behin betikoz onartu duela Aroztegiako Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala. Honen harira Baztango Udal Gobernuak hau adierazi nahi du:

UGPSa hau onartzea Udalaren autonomiaren aurkako eraso larria da. 2008an UPNren Nafarroako Gobernuak berak txosten baten bitartez gibelerat bota zuen proiektu bera UGPSa bezala tramitatzea. 2009an ohiko tramitazioaren bitartez, hau da, udal planaren modifikazioaren bitartez bideratu ondoren proiektua atzera bota zen legez kanpokoa izategatik.

Laburbilduz, Lekarozko herria, Baztango Udala, Baztango gehiengo soziala eta epaitegietako sententziak kontra dituen arren Nafarroako Gobernuak onartu du denen gainetik pasatuz UGPS hau onartzea. Proiektu honek 800 biztanleko herrigune berri bat suposatuko luke Baztanen, hau da Baztango 16. herria sortzea baztandarren oniritzirik

Udal Gobernuan gauden taldeak jakinarazi nahi dugu hau ez dela proiektu turistiko bat, proiektu urbanistiko espekulatzaile bat baizik. Baztango Udalak erran du behin baino gehiagotan proiektu turistikoa babesten duela, hau da, hotela eta golfa etxebizitzik gabe, baina ez enpresak ez Nafarroako Gobernuak ez du interesik honetan.

UPNri eta eredu hau defenditzen duen GEROA BAIri ere erran nahi diegu Baztango Udalak herritarren interesak defendituko dituela beren lagunen interesen gainetik. Dakiten bezala UGPS hau onartzea lege iruzurra da eta horrela defendituko dugu epaitegietan. 

Nafarroako Gobernua hauteskunde bezperan beren azken faboreak egiten ari da beren lagunentzat diru publikoarekin emandako miloietako indemnizazioak bermatu nahian GEROA BAIren babesa eta konplizitatearekin.