Saltatu eta joan eduki nagusira
DISPERTSIOA SALATU ZUTEN BIZIKLETAREKIN ELIZONDON
Baztango herriek ere dispertsioari ez kanpainaren baitan, dispertsioarekin akitzeko hitzordua antolatu zen pasa den ekainaren 12an Elizondoko plazan. "Denen esfortzuaz dispertsio politikarekin bukatuko dugu" errepikatu zen behin eta berriz ekitaldiak iraun zuen denbora guzian. Errepikatu eta irudikatu, izan ere, Elizondoko plazan paratutako bortz bizikleten pedalei eraginez, Joxe Miel Gaztelu espetxeratua dagoen Algeciraseko espetxetik Elizondoraino dauden 1.200 kilometroak korritu ziren taldeka eta txandaka. Koadrilaka, elkarteka eta kolektiboka, bizikletei atsedenik eman gabe, 80 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten ekitaldian dispertsioarekin bukatuz kilometroak egin ahala.
Mapa handi batean egindako kilometroak markatzen joan zen, Joxe Mielen argazkia etxerantz hurbilduz. Markatutako ibilbidea bukaturik, Algeciraseko bidean zegoen familiarren autobusarekin konexio telefonikoa egin zen eta horrelako bidaia batek suposatzen duena ezagutzeko aukera izan zuten bertaratuek.
Ekitaldian zehar musika izan zen, dispertsioaren liburuxka eskuratzeko aukera eta Joxe Mieli berari idaztekoa ere. Bukatzeko, pintxo jatea egon zen.
Kalez jantzitako guardia zibilek ekitaldia zelatatu zuten eta argazkiak edo bideoak grabatu zituzten mugikorrekin.
Kanpaina honen hurrengo hitzordua irailean izanen da. Orain arte "Baztango herriek ere dispertsioari ez!" kanpainaren baitan egin diren hitzorduetan 200 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte eta dispertsioaren liburuxkaren 60 ale baino gehiago banatu dira.
Denon artean lortuko dugu... BAZTANGO HERRIEK ERE DISPERTSIOARI EZ!