UDAL GOBERNUAK ALMANDOZKO SAIHESBIDEARI BURUZ EMAN DEN DESINFORMAZIOA ZUZENDU DU PRENTSA OHAR BATEN BIDEZ.

Almandozko saihesbidea eta urbanizazioaren inguruan prentsan argitaratutako informazioaren harira Baztango Udal Gobernuak jakinarazi nahi du bai UPNk, legealdi berria truku zaharrekin hasi duela. Hala, «eman den desinformazioa zuzendu nahian» Baztango Udal Gobernuak dio afera honetan bi kontu berezi behar direla, «alde batetik 2009-2012 Tokiko Azpiegitura Plana eta obra horren errenuntzia zergatik egin zen, eta bertze aldetik Almandozko AR-1eko urbanizazioaren egoera».
2007-2011ko legealdian NaBaik 2012ko inbertsiorako 2.233.850,33 euroko gastu osoa aurreikusia zuen tokiko azpiegitura planetik. Horietatik Nafarroako Gobernuak 1.560.295,53 euro ordainduko zituen, tartean, BEZari zegozkion 85.093,89 euro; Baztango Udalak berriz 588.460,91 euro. Ordainketa NaBaik “fondo de libre determinación” delakotik hartzea aurreikusten zuen 448.508,45 euro; eta 139.952,46 euro mailegu baten bidez egitea.
Aurrekontuak egiterakoan, ordea, argi gelditu zen Baztango zorpetze mailak goia joa zuela eta ez zegoela aukerarik gastu horiei aurre egiteko, ezta mailegua eskatzeko ere. Hortik aparte uholdeak izan ziren eta gastu horiek eta bertze ezustekotarako zegoen diru bakarra funtsa horretan zegoela ikusita, tokiko azpiegitura planeko obra batzuen errenuntzia eskatzea erabaki zuen Udalak. Errenuntzia horrek Nafarroako Gobenuak 1.094.268,82 euro gutxiago gastatzea suposatzen zuen eta Baztango Udalak 456.270,02 gutxiago. Diru honetatik Baztanek 456.270,02 euro liberatzeko aukera izan zuen bertze beharrezkoak ziren inbertsioak egiteko (eskolen konponketa, energia aurrezteko inbertsioak, uholdeen kalteak…).
Almandozko saihesbidearen obrak bakarrik 1.008.441,98 euroko aurrekontua zuen beraz, hori egin izanez gero bertze obrak gauzatzeko aukera gutti egonen zen. «Aipatu behar da bertzalde, egin behar zen obran ez zela Almandozko argi indarraren horniketa haunditzea aurreikusten, saneamendua egiten zen bitartean argiaren kableak lurperatzea baizik», dio Baztango Udal Gobernu Taldeak.
Gauzak horrela, lehentasunak markatu ziren. Azkenean Baztanek tokiko azpiegitura planeko obrak egitea, Irurita eta Lekarozen arteko ura ekartzeko obra, Amaiurren ur depositoa berritzea, kontenedore batzuk eta Aniz, Berroeta eta Gartzaingo pistak egitea erabaki zen. Honek Nafarroako Gobernuak 466.026,71 euro eta Baztango Udalak 132.190,90 euro gehi BEZ 85.093,89euro ordaintzea suposatzen zuen.
Baztango Udal Gobernu Taldearen oharrak dioenez, «Almandozko saneamendua eta bertze lan batzuk Nafarroako Gobernuaren diru egoera txarrarengatik eta aurrekontuen seriotasun faltarengatik bere horretan utzi behar izan ziren. UPNk ongi dakien bezala Almandozko saihesbidearen lanak, Udalak errenuntziatu izan ez balu ere, ez ziren gauzatu ahal izanen; UPNk azpiegitura planerako zegoen dirua bertze gauzetan gastatu zuelakoz».

Urbanizazioa
Urbanizazioari dagokionez 2007-2011 legealdian, Udalak Almandozko eskola egin eta urbanizazioaren barnean eskolari zegokien urbanizazio lanak egin zituen. Aldi berean, promotorearekin hitzarmen bat sinatu zuen non, Udalak egin dituen kontsulten arabera, promotoreari dagokion urbanizazio hori bukatzea. Udalak promotoreari urbanizazioa bukatzeko eskatu dio eta bukatze lan horretan sartzen da argiaren horniketa. Promotoreak udalaren erabakiaren aurka epaitegietara jo du eta epaiaren zain dago. Urbanizazioan dauden etxeen jabeak honen jakinaren gainean daude.
Hala ere, egoera eta herritarren arazoari konponbide bat bilatu nahian, Baztango Udala harremanetan egon da Iberdrolarekin argiaren horniketa bermatzeko epaia atera bitartean eta bertze aldetik partikularrekin. Modu berean partikular zein promotoreari hitzarmen bat sinatzeko proposamena ere egin die. Hitzarmen horretan partikularrak lanak aurreratzeko aukera izanen zuen eta epaiketa galtzen zuenak ordainduko lioke ondoren. Promotoreak uko egin dio hitzarmen hau sinatzeari.
Beraz, Baztango udal gobernuaren ustez, «ulertezina dena da UPNk gaia horrela eta orain planteatzea. UPN udal honetan oposizioan eta Nafarroako Gobernuan agintzen egonda, orain arte egoera honen berri ez duela erratea bere kudeatzeko ezgaitasunaren erakusle nabarmena da».