Herrian autoa beharrean bertze mugitu eta ibiltzeko moduak bulkatzeko, ortziralean Bizikletaldia egin zen Elizondon. Denera 200 lagun inguruk parte hartu zuten, ttikienak luzeko plazan antolatutako bizikleta-jinkanan eta gainerakoak herrian barna egindako bizikleta itzulian. Akaberan denak elkartu eta txokolatada izan zuten.
Horren aitzinetik, ortzegunean, Oreretako Gurpil-artea elkartekoek solasaldia eman zuten Arizkunenean eta herritarrek mugikortasun iraunkorrari buruz egin dezaketenaz aritu ziren.
Ekitaldi guzti hauek Baztango udalak, Elizondoko herriak, Elizondoko eskolak, Baztan ikastolak eta Elizondoko eskolako eta Baztan ikastolako guraso elkarteak elkarlanean antolaturik egin dira. Horren haritik, aurtengo ikasturtean asteazkenak eskoletarat autorik gabe joateko egun bezala landuko dituzte.