Baztango Batzar Nagusiak uztailaren 1eko batzarrean Aroztegiako PSISa gelditzeko Nafarroako Gobernuari errekerimendua egitea onartu zuen eta Batzar Nagusiko presidenteak, Joseba Otondok, hala egin zuen. Batzar Nagusiaren izenean errekerimendua aurkeztu zuen.
Uztailaren 23ko udaleko osoko bilkuran, udalak Aroztegiako PSISa gelditzeko Nafarroako Gobernuari errekerimendurik ez egitea onartu zuen, eta Baztango alkateak Joseba Otondok, hala egin zuen. Udalaren izenean errekerimendurik ez zuen aurkeztu.
Baztan udalerriko antolaketan Nafarroako Toki Erakundeen legeak onartutako hiru erakunde daude: herrietako batzarrak, Batzar Nagusia eta Baztango udala. Herrilurren edo komunalen gestioa bertze gauzen artean Batzar Nagusiarena da eta Aroztegiako PSISean herrilurrak daude.
Udalaren erabakiak, bistan denez, eta edonork ulertzen duenez ez du Batzar Nagusiaren erabakirik baliogabetzen.
Lekarozko herriak ere Aroztegiako PSISa gelditzeko errekerimendua egitea erabaki eta hala egin zuen eta, doike, edonork ulertzen duenez, udalaren erabakiak hori baliogabetzeko ahalmenik ez zuen.
Geroa Baik hori guztia ulertzen ez badu, hori guztiari buruz galdegin zezakeen, horretarako bi hilabete izan ditu, tartean, azkeneko osoko bilkuraren aitzineko informazio batzordea. Baina alkatearen gaitzespenarekin pasatu dena ez da zerbait argitzeko nahiarekin egin den kontua, jokaldi politiko zikin eta miserablea baizik. Urgentziazko mozioaren erabilera horren erakusgarria da. Arratsalderako mozioa Nafarroako egunkarietako erredakzioetan zegoen. Bilatzen zuten gauza bakarra alkatearen gaitzespena zen, zertarako? Ba, hori beraiek argitu beharko dute. Garbi dagoena da Aroztegiako proiektuari ematen ari diren babes ulergaitzaren bertze adibidea dela. Geroa Bai Nafarroako PSIS guztiak birpentsatzeko PSIS horiek gelditzen ari da baino Aroztegiakoa ez. Zer pasatzen ari da? Honen guztiaren gibelean zer dago?
Geroa Baik gaitzespen mozioan erraten duena gezurra da. Geroa Baik mozioan proposatzen duena alkateak ez du betetzen ahal, Baztango alkateak, hasmentan erran dugunez, ez baitu Nafarroako Gobernuaren aitzinean errekerimendurik aurkeztu. Zer ari dira planteatzen: alkateak bete ezin duen mozioarengatik, udaleko ondoko osoko bilkuran edo plenoan berriz gaitzestea? Alkatea den pertsona suntsitu nahi dute. Zertarako? Ba, iduriz Aroztegia egiteko.
Ez dakigu Geroa Bai egin duenaren larritasunaz ohartzen den. Alkateari osoko bilkuraren erabakia ez betetzea egotzi dio, osoko bilkuraren erabakiaren kontra jotzea eta hasieran erran dugunez hori gezurra da. GEZURRA. Ez dakigu Geroa Bai gaitzespen mozio baten erranahiaz ohartzen ote den eta hori faltsukeri baten gainean onartzeak zer suposatzen duen. Baina horren guztiaren jakitun beharko luke.
Pasatu dena eta pasatzen ari dena onartezina da. Geroa Bairi eta mozioa onartu zuten gainerako alderdiei berehala zuzentzeko exigitzen diegu.
Joku zinik ez!