BAZTANGO UDALA MENDOZA KONTSEILARIAREKIN LANBIDE HEZIKETAZ ARITZEKO BILDU ZEN

Elizondoko lanbide eskolaren geroaz eta eskualdeko lanbide heziketaren eskaintzaz aritzeko, astelehenean Baztango udaleko ordezkaritza Nafarroako Gobernuko hezkuntzako arduradunekin bildu zen. Baztango udaletik Joseba Otondo alkatea, Juan Kruz Iriarte hezkuntza zinegotzia eta Iñigo Iturralde industria zinegotzia joan ziren. Nafarroako Gobernutik berriz Jose Luis Mendoza hezkuntza kontseilaria, Estebe Petrizan hezkuntzako zuzendari nagusia eta Juan Ramon Elorz unibertsitateetako eta hezkuntza baliabideetako zuzendari nagusia. 

Bilkuran Elizondoko lanbide eskolaren eraikinaz mintzatu ziren, zaharturik dagoela eta egoera txarrean. Aldi berean, lanbide heziketa eskaintza egokitzearen eta berritzearen beharraz aritu ziren, bai hezkuntza arautua baita ez arautua ere. Lanbide heziketa eskolek landa eremuak sozioekonomikoki dinamizatzeko duten garrantziaz aritu ziren ere bai. Kontseilaritzatik lanbide heziketa eskaintza lantzea eta zehaztea eskualdeari dagokiola aipatu zen. 

Bertzalde, Lekarozko herriko eskola berriz irekitzeko aukera aztertu zuten. Kontseilaritzatik gaia aztertzeko prest zeudela erran zuten eta, irekitzekotan, haurren matrikulazioari buruz konpromiso sendoak galdegin zituzten.