Bidasoko Bide berdea Elizondoraino ekartzeko asmoa aspaldikoa da. Horren haritik, Baztan eta Bertizarana udaletako ordezkariak, Elizondo eta Lekarozko alkateak eta Cederna Garalurreko teknikariak ibilbidea behin betiko zehazteko hasierako proiektuan barna ibili berri dira.
Elizondorainoko tarteak Bertizarana eta Baztango udalerriak hartzen dituenez udalez gaindiko plan sektorial bezala izapidetu beharra dago. Horretarako, bidearen hasierako proiektua egin zuten; haatik, jasotako txostenekin eta Baztango herrietako alkateen iritziaren falta, Bide berdea pasatu daitekeen tokitik barna ibili ziren, Lekaroz eta Elizondo arteko loturik hoberena zehazteko eginahal berezia eginez. Bildutako ekarpenekin LKS aholkularitzak behin betiko proiektua idatzi beharko du.
Ondotik Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko plan sektoriala onartu beharko du eta, hala behar izanez gero, desjabetzak eginen dira. Azkenik Estatuko gobernuari finantziabidea eskatu beharko zaio. Printzipioz Estatuko gobernuak Bide berdeak %100ean finantziatzen ditu. Gauzak ongi bidean Bide berdearen Elizondorainoko tartea legealdi honetan egin beharko litzateke.