ZENBAIT PERTSONA EZAGUNEK AROZTEGIARI BURUZKO HERRI GALDEKETA ESKATU DUTE

Nafarroako arlo sozialean, hezkuntzan, kulturan, euskalgintzan eta hainbat arloetan aritutako pertsona ezagunek manifestu bat rakurri dute gaur goizean Iruñean Aroztegiako UGPSaren inguruan beren iritzia emanez.


Sinatzaileak: 
Sagrario Aleman, Mikel Landa, Jon Alonso, Juan Carlos Longas, Alex Arizkun, Fernando Mendiola, Montxo Armendariz, Aitor Merino, Mikel Baztan, Amaia Merino, Xanti Begiristain, Xabier Morras, Gotzon Bergerandi, Xabi Otero, Joseba Burusko, Javiertxo Oyarzun, Gentz Del Valle Lersundi, Jose Mari Pastor “Artzai”, Iñaki Egaña, Xabier Peñalver, Juantxo Egaña, Patziku Perurena, Miren Egaña, Xabier Sagardia, Edurne Elizondo, Miguel Sanchez-Ostiz, Jose Mari Esparza, Jose Antonio Sistiaga, Graxi Etchebehere, Julio Soto, Xabi Garzia, Xabier Soubelet, Benito Goñi, Juan Mari Txoperena, Julia Itoiz, Asisko Urmeneta, Koldobika Jauregi, Begoña Zabala, Fito Jimenezm, Martin Zabaleta, Irati Jimenez, Patxi Zamora, Luisillo Kalandraka, Gurutze Ziga.

Halaxe irakurri dute hitzez hitz:

AROZTEGIA... ETA GERO, ZER?

Aroztegia, izarrak, zuloak eta haiekin bat egiten duten etxebizitzak. Etxebizitza aunitz, gehiegi agian, luxu eta handikeriez eskarmentua hartua duen aro baterako. Handikeria horiek luze eta zabal ordaindu baitituzte ez haietaz gozatzen dutenek, eta etorkizunean ere egiten ahalko dutenek, modu batean edo bertzean haiek pairatzen dituztenek baizik. Aroztegia norendako? Zenbat ordaindu behar da proiektuko enpresa inbertitzaile edo gauzatzaileek berezko negozioa egin dezaten birkalifikazio maltzurra jasan duen landa zoru baten bizkar?


         Auzokoen oposizio urte aunitzen ondoren, haietan mugaketa eta itxituren inguruko gatazkak, bai eta hirigintzari buruzkoak ere ugari izan direlarik, Aroztegiako jaurerriari buruzko Lekarozko UGPSa  onetsi dute azkenean, eta UPNk utzitako herentzia pozoitua dugu hirigintza plan hori, hau da, erregimen zaharreko proiekzio politiko serioa gaurko koalizio demokratiko eta progresistaren gobernuan. Hortaz, ez gara afera juridiko edo negozio partikularrez bakarrik ari. Horretaz gain, afera politiko eta sozialez ari gara, Baztango auzoen komunitate bati, Lekarozkoari, alegia, eta, oro har, haran guztiari, aurretik sumatu daitekeen modu larrian eragiten diotena bere egunerokotasunean eta natur ingurunean.
       
        Nafarroan jauntxokeria eta herri lanetako edo lan sasi-publikoetako negozio publiko, ilun eta neurrigabeko hamarkaden ondoren, deigarri suertatzen da aldaketa sozial eta politikoaren aitzindari izateko lorturiko gobernu batek, gaur horren beharrezkoa denak, Aroztegiako UGPSaren inposizioa modu akritikoan bere gain hartu izana, inposizio politiko garbia, hauteskundeen bezperan fede on juridiko diskutigarriarekin onetsia izan baitzen. Hauteskunde horietan aldaketa soziala etor zitekeela sumatzen zen eta, hortaz, aisialdi eta goi mailako etxebizitzetako makro proiektu horren sustatzaileen babesleak bazterrean gelditzen ahal ziren. Ez dezagun ahantz haranean eraikitako etxe berri gehienak, merkeak ez direnak, saldu gabe daudela (Elbete, Irurita…)
Auzokoen oposizioa izan ala ez, UGPSa baliabide juridikoa da eta, eskuinaren eskuetan utzita, auzokoen borondatea ordezteko eta aintzat ez hartzeko balio izaten du. Onuraduna ez da harana izanen, ezta auzokoak ere, nahiz eta haiei etekin ekonomiko eztabaidagarriak edo etorkizun garbirik gabeko onurak eskaintzen zaizkien. Onuradunak eraikuntza sektoreko enpresak dira, jasaten dugun krisitik onuradun edo minik gabe atera direnak. Hastapenetik eskala handiko higiezinen espekulazio negozioa egiten dute eta, negozioa alde batera utzita, horren bigarren mailako etekinak zalantzazkoak izaten dira, betiere sorrarazten dituzten kalteak baino txikiagoak. “Aldaketaren” politika bitxia dugu hau.
Orain bertan afera da zuzen-zuzenean eragina sufrituko dutenen borondatea behin betiko ez ordezkatzea (Lekarozko herria eta haran osoa), plataformaren bitartez bere oposizio ahotsa entzunarazi baitute. Eta desiragarria litzateke Geroa Bai buru duen Nafarroako gaurko gobernuaren aldaketarako borondatea ikustea kasu honetan, Aroztegiako jauregiaren makro proiektuak eremu natural zabaleko esku-hartze izugarria baita eta eragin atzeraezina izanen baitu.

Gatazka sozial irekiaren, publizitate engainagarriaren eta proiektuaren esanahi sozial dudazkoaren aurrean, komenigarritzat jotzen dugu, eta horrela eskatzen, UGPSa geldiarazi eta Baztan haranean herri galdeketa loteslerako deialdia egitea.