BAZTANGO UDALAK IKASKETA AKABERAKO PROIEKTU ETA LANAK EGITEKO LAGUNTZAK EMANEN DITU

Baztango udalak Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektu edo lanak egiteko diru-laguntza deialdia egin du. Master akaberako lanak ere onartzen dira. Aurkeztutakoen artean 500 euroko lau laguntza emanen dira.

Deialdi honen helburua da Baztango ikasleen artean Baztani eta Baztango etorkizunari buruzko kezka eta interesa piztea eta, beraiek egin beharreko lanak edo proiektuak, helburu horretarako egitea. Proiektuak eta lanak bakoitzaren ikasketa arlokoak izanen dira. 

Deialdi hau urtarrilaren 22ko Tokiko Gobernu Batzordean onartutako oinarriek arautzen dute eta udalean eskuragarri daude. Deialdian parte hartzeko ikasleek, eskariarekin, proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztu beharko dute, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia... zehaztu daitezke. Memoria honek ikasketa akaberako proiektu eta lanaren tutorearen ongi ikusia beharko du.

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko ditu. Bertan Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko ikastetxeko zuzendaria, Cederna-
Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak arloko adituekin kontsultak egiten ahalko ditu.

Eskariak aurkezteko epea Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratu eta hilabete batekoa izanen da. Udaletxeko webgunean ere oinarriak eskuratzen ahalko dira eta edozein zalantzetarako, udaletxerat joaten ahal da.