BERTZE EUROPA BAT POSIBLE DA


Bertze herri aunitzetan bezala Baztango EH Bilduk Europak errefuxiatuekiko duen jarrera salatzeko elkarretaratzea antolatu zuen:


Munduan 60 milioi errefuxiatu daude, gehienak Ekialde Hurbilean eta Afrika beltzean dute jatorria, baina mundu mailako drama humanitarioa da. Afganistan, Irak, Siria, Kurdistan, Sahara, Tibet... Herrialde eta eremu anitzetan dute jatorria errefuxiatuek. Egoera hauek guztiek komunean dutena gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoek eragindako mugimendu migratorioak dira. Inor ez da borondatez bere herrialdetik ateratzen.

Pertsona hauen egoera ez da gauetik goizera sortu. Europak eta mundu mailako potentzia handienek hamarkadetan hartutako erabakien ondorioa da. Europak, errate baterako, nazioarteko legeria bihurritu eta giza eskubideen babesa bulkatuko lukeen jarrera humanistari eutsi beharrean, neurri polizial eta militarrak aktibatu ditu azken hilabeteetan.

Pertsona errefuxiatuen eskubideak urratzen ari da etengabe Europa. Gezur handi baten aitzinean gaude, Europa bi aurpegirekin jokatzen ari delako. Errefuxiatuen eskubideen babesle gisa agertu nahi du, baina, aldi berean errealitatea ezkutatu nahian dabil. Milaka gizon, emakume eta haur noraezean ari dira, estatu batetik bertzera espulsatuak, internamendu zentroetan sartuak, bortxatuak, desagerraraziak, jipoituak, lapurtuak eta jazarriak... Eta hori guztia Europako estatuen babesarekin.

Arduragabekeria eta giza eskubideen urraketa horren aitzinean, herritarrok, bakoitza bere eragin esparrutik, norberak eskura duen aukeraz baliatua, errefuxiatuak diren pertsonei ongi etorria eman beharrean gaude, aitortza eta laguntza eskainiz.

Nazioarteko harremanen bertzelako antolaketa aldarrikatzea ezinbertzekoa da, herrien eta herritarren eskubideak aintzat hartuko dituen bertzelako mundua. Bertzalde, belaunaldiz belaunaldi gerra eta erbestean ezagutu duen herri baten kideak garen heinean, elkartasuna gure balore eskalaren gainaldean kokatzen dugu.

Euskal Herria Bilduk justizia soziala eta bizitza duina ardatz izanen dituen Euskal Herri burujabe eraikitzeko konpromisoa osoa du, bide horretan ezinbertzeko tresna da INTERNAZIONALISMOA.