Euskararen aldeko "neurri ausartak" eskatu eta babesa erakusteko manifestazioa izanen da Iruñean ekainaren 4rako Kontseiluak egindako deialdian.
Nafarroan, aldaketaren gobernuak hizkuntza politika sendoagoa egin dezan eskatuko dio, eta era berean, oposizioaren oldarraldien aitzinean babesa eskainiko dio.
Kontseiluaren iritziz, euskararen gaian saltoa egiteko tenorea da, aldaketaren gobernuaren aldetik. Neurri ausartak hartu behar dira, bai plangintzan baita baliabideei dagokienez ere. Kezkatuta dago adibidez, gobernua osatzen duten lau alderdi politikoen artean (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) Euskararen Legeaz adostasunik ez dagoelako. Euskararen Legea bera aldatzera iritsi gabe ere, UPNk hartutako bertze hainbat neurri bertan behera uzten ahal direla uste du Kontseiluak.