NAFARROAKO EH BILDUK BIHARKO MANIFESTAZIOAREKIN BAT EGIN DU


Larunbat honetan, arratsaldeko 17h tan, Elizondoko karriketan eginen den manifestazioarekin bat egin du Nafarroako EH Bilduk, Aroztegiako proiektu urbanistikoaren aitzinean ahotsa eta erabakia eskatuz Baztango bizilagunentzat

EH Bildu beti egon da eta beti egonen da herri galdeketen alde. Oinarrizko ariketa demokratikoa iruditzen zaigu. Aroztegiako kasuan, erabat logikoa iruditzen zaigu hainbat bizilagun eta tokiko eragileek azaldu duten kezka eta beren iritzia kontsultatua izan dadin egin duten deialdia. Beren zonaldeko oraina eta etorkizuna baldintzatuko duen proiektu baten aitzinean, iritzia eman eta erabakitzeko eskubidea dute baztandarrek. Izan ere, etorkizuneko egitasmo estrategiko moduan saldu dutenaren azpian, bertze behin ere pelotazo urbanistiko bat topatzen dugu, Baztango bailara anitz alda dezakeena.

EH Bilduk, prozesu honetan egin duen bezala, proiektuaren gaineko informazioa eskatzen du herritarrentzako, gero haiek, beren bozkaren bitartez erabaki ahal dezaten. Beren ahotsa errespetatuko dituen herri kontsulta edo galdeketa nahi dugu, udalak ezin badu antolatu, Nafarroako Gobernuak berma dezala Baztandarren ahotsa entzuna izan dadila.